Gymkana Interkulturala eta film laburren emanaldia egingo dituzte Elgoibarren, "Hitzetatik Ekintzetara" ekimenaren baitan

Barren 2025ko eka. 9a, 17:02

Kutxa Fundazioak sustatzen duen Hitzetatik Ekintzetara ekimena bueltan da hirugarren urtez, eta, aurten, kultura eta hizkuntza aniztasuna izango du oinarri.

Hitzetatik Ekintzetara egitasmoaren helburua da herritarrak 2030 Agendara hurbiltzea, Garapen Jasangarrirako 17+1 helburuak hobeto ezagutzeko eta hauetan inplikatzeko aukera berritzaileak eskaintzeko. Maiatzaren 19tik ekainaren 20ra bitartean hainbat ekintza egiten ari dira Gipuzkoako hainbat eragilerekin elkarlanean, eta asteon bi saio egingo dituzte Elgoibarren. Bietan Elgoibar Ikastolako ikasleek hartuko dute parte.

  • Gymkana Interkulturala izango da lehen ekintza, martitzenean, 10:00etatik 12:00etara. Ikasleek hainbat kulturatako elementuak erabiliko dituzte, hala nola, euskal irrintzia, Kulning suediarra, Suitzar yodela, Këngë Maje Krahi albaniarra edota Zaghareet arabiarra, eta ikastola inguruan ibiliko horiekin dira probak egiten.
  • Barikuan, bestetik, DBH4ko ikasleek KRAK lehiaketaren baitan osatutako film laburren emanaldia ikusteko aukera izango dute, 12:00etatik 14:00etara. Ikasleek kultur-aniztasunarekiko duten ikuspegia islatuko duten lanak izango dira. Eta jarraian, Bulegoko Tomas Lizarazu abeslariak kontzertua emango du Aita Agirre Kulturgunean.