Debarroko Pilota Txapelketako finalak galdu dituzte Berguak eta Condek

Barren 2025ko eka. 16a, 14:35

Eibarko Astelena pilotalekuan jokatu zituzten atzo Debarroko Pilota Txapelketako finalak.

Debarroko zortzi pilota klubetako pilotariek hartu dute parte Debarroko Pilota Txapelketa beteranoan; 76. edizioa izan da aurtengoa. Aurten Eibarko Klub Deportiboari egokitu zaizkion antolatze lanak eta Astelena pilotalekuan jokatu zituzten hiru finalak, kadeteena, jubenilena eta seniorrena. 

Lagunak Pilota Eskolak ez du parte hartu talde moduan aurtengo txapelketan, baina bi pilotari elgoibartar lehiatu dira beste talde batzuetan, eta biak ailegatu ziren finalera; Mikel Bergua jubeniletan eta Felix Conde seniorretan.

Berguak Bergarako pilota taldearekin jokatu du txapelketa, Etxaberekin bikotea osatuz. Finalean, Otazuk eta Gonzalezek osatutako Aretxabaletako bikotea izan zuten aurkari, eta Aretxabaletara joan zen txapela, finala 22-20 irabazita. 

Mikel Bergua eta Felix Conde. Txapeldunorde geratu dira, bata jubeniletan eta bestea seniorretan.

Hamargarren txapela Atxotegirentzat

Senior mailako finalean, Depor taldeko Ibon Ibarra eibartarrak eta Felix Conde elgoibartarrak Soraluzeko Pilota Elkarteko Aitor Atxotegi eta Manex Balerdi izan zituzten aurkari eta Soraluzeko bikoteak irabazi zuen txapela, 22-17ko emaitzarekin.

Iaz Elgoibarren jokatutako finalean ere gailendu ziren Atxotegi eta Balerdi. Aurtengo garaipenarekin hamargarren txapela eskuratu du Aitor Atxotegik. Hala, eskura du Debarroko txapelketa sarrien irabazi duen Sabino Txurruka pilotari elgoibartararen marka. Txurrukak 11 alditan irabazi zuen, eta omenaldia ere jaso zuen iaz Kalegoen plazako frontoian jokatu zituzten finaletan.