Iñigo Lariz txapeldunorde Euskadirekin taldekako sailkapenean Bertikalen Espainiako Txapelketan

Barren 2025ko eka. 16a, 17:59

Kilometro bertikalen Espainiako Txapelketa jokatu zuten atzo Villanuan (Aragoi), eta Euskal Selekzioarekin lehiatu zen Iñigo Lariz.

Huescako Pirinioetan dagoen Villanua herritik irten eta Collarada mendira (2.886 metro) igo behar zuten 2KV Collarada mendi lasterketako partaideek. 2025eko Bertikalen Espainiako Txapelketa ere jokoan zegoen aurtengo lasterketan, eta Fabian Venero madrildarra (0:43:20.1) eta Laia Montoya kataluniarra (0:51:13.2) izan ziren azkarrenak gizonetan eta emakumeetan, hurrenez hurren.

Indibiduala jokatzeaz gain, selekzioen arteko txapelketa ere izan zen, eta gizonezkoenean Katalunia gailendu zen, 41 punturekin. Euskadiko selekzioa izan zen txapeldunorde, 50 punturekin; eta, Kanariar Uharteetako selekzioak osatu zuen podiuma, 70 punturekin.

Lariz 23. postuan sailkatu zen banakako lehian, 0:47:20.6ko denborarekin, eta Beteranoen A kategorian hirugarren postuan sailkatu zen (iaz bera izan zen onena). Euskal selekzioari dagokionez, bigarren postua lortu zuten senior gizonezkoetan. Paul Ormaetxeak hirugarren postua lortu zuen,Oier Zubeldiak 7. postua, eta 32. postuan sailkatu zen Oier Etxeberriak. Gizonezkoetan moduan, emakumezkoetan ere txapeldunorde izan zen Euskadiko taldea. 

Lariz "oso pozik" dago Euskadiko selekzioak eduki zuen parte hartzearekin. "Uste dut borobila izan zela Euskadiko selekzioaren parte hartzea. Emakumezkoetan txapeldunorde izan zen Onditz Iturbe eta Paul Ormaetxeak hirugarren postua lortu zuen gizonezkoetan, indibidualean. Gainera, taldeka, txapeldunorde izan ginen gizonezkoenean zein emakumezkoetan".

Entrenatu ezin arren, pozik emaitzarekin

Berak lortutako emaitzarekin ere pozik da Lariz, baina txorkatilako minak ez dio nahiko lukeen moduan entrenatzen laga. "Azken bi asteetan orkatilan lesioa eduki dut, eta dezentezko traba izan da nahiko nukeen moduan entrenatzeko. Eta pena bat da, gorputzaldi oso onarekin egin bainuen jokatu nuen azkeneko igoera bertikala, Zegama Aizkorrikoa, baina handik hona ezin izan dut entrenatu korrika. Atzoko lasterketan igarri nuen entrenamendu falta hori. Halere, ikusita nondik nentorren eta entrenatzeko izan ditudan mugekin, oso gustura nago lortutako emaitzarekin, pozik egotekoa da. Gainera lasterketak ez zuen aldapa oso gogorrik, sei kilometroan 1.000 metroko desnibela baitzuen ibilbideak, eta hobeto moldatzen naiz ibilbide gogorragoetan".