Atzo izan zuten lehen greba eguna. Ekaineko aste honetan hiru greba egun egingo dituzte, eta uztailaren 9an, 10ean eta 11n beste hiru. San Lazaro egoitzakoak kalera irten dira gaur, elkarretaratzea egitera. ELAk grebaren lehen egunean izandako jarraipen zabala nabarmendu du.
Oro har, zerbitzu publikoa ematen dutenez, langile publikoek dituzten baldintzak eskatzen dituzte. ELAtik helarazitako zehaztasunetara joz, honakoak dira eskaera nagusiak:
- %100eko jardunaldiko kontratuak langile guztientzat.
- Soldata arrakalarekin amaitzea.
- Asteko lanorduak 32 izatea eta adinean gora doazen langileek erretiroa aurreratu ahal izateko formulak ezartzea.
- Arrisku psikosozialen plan adostuak.
- Zerbitzuak euskalduntzeko baliabideak.
- Trantsizio eko-sozialean aurrerapausoak, bertako produktuak txertatuz jatorduetan, besteak beste.
ELA sindikatutik salatutakoaren arabera, sektorean 5.000 bat langilek lan egiten dute Gipuzkoan, ia denak emakumeak. "%90ean Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen duen zerbitzu publikoa eskaintzen dute baina lan baldintza prekarioak dituzte. Langileen %40ak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak ditu. Hau enpresa pribatu eta irabazi asmorik gabe deklaratzen diren gehienek mozkinak lortu eta negozio logika batean oinarritzen den zaintza sistema eusteko bakarrik esplikatzen da”.