150 lagunek parte hartu zuten Euskal Backyard proban, maila handiko kirolariak tartean. Jose Manuel Ruiz Verdugo katalanuniarra zen horietako bat, Espainiako txapelduna eta 60 bueltako errekorra duena. Orduero 6,7 kilometroko ibilbidea (200 metroko desnibelduna) osatzean datza proba berri honek. Ordu hori gainditu arte edo nekatu arte segi dezakete partaideek. Gary Cantrell "Lazarus Lake" estatubatuarrak sortu zuen modalitate hau, eta Tennessen jokatu zuten estreinakoz 2011n. Atzeko patioa esan nahi du Backyard hitzak, eta Cantrellek izen hori ipini zion, etxe ondoan egiteko moduko ultratrail-formatua sortzea baitzen bere asmoa. Espainiako Estatura duela sei urte ailegatu zen, Galiziara hain zuzen ere, eta gaur egun 30 bat proba egiten dira estatu osoan. Usurbilen jokatu zuten apirilean Euskal Herrian egin duten aurrenekoa, -Imanol Aleson gailendu zen- eta bigarrengoa izan da Loiukoa.
Pronostikoak betez, Verdugo gailendu zen Loiuko proban. Mataroko antxitxikariak 41 itzuli osatu zituen, hau da, 274,9 kilometro egin zituen guztira, zapatu goizetik astelehen goizaldera bitartean.
CATT Morkaikoko kideek ere hartu zuten parte proban. Lau kidez osatutako taldekako lehian parte hartzea zen euren asmoa, baina azken orduan ezin izan zuten parte hartu bi taldekidek, eta bi kide berri topatu behar izan zituzten, antolatzaileei baimena eskatu eta gero. Hala, Juanan Martin eta Jon Perez Cortes elgoibartarrek Ibon Gamboa mungiarrari eta Axier Lopez de Aberasturi aguraindarrari egin zieten taldea osatzeko gonbita eta CATT Morkaiko moduan aritu ziren laurak. Lopez de Aberasturik 12 itzuli osatu zituen eta hamalauna itzuli egin zituzten Martinek eta Perez-Cortesek. Gamboak 40 itzuli osatu zituen eta marka horrekin txapeldunorde izan zen banakako lehian. Mungiarrak era honetako proba bat baino gehiago irabazi ditu, azkena Galizian. Taldekako sailkapenean hirugarren postua eskuratu zuen CATT Morkaikok, 80 itzulirekin. KBRNZS taldea gailendu zen, 84 itzulirekin eta Verdugo Team sailkatu zen bigarren, 80 itzulirekin.
Superizakiak
Juanan Martinek azaldu duenez, hezetasun eta bero handia egin zien eta horrek asko gogortu zuen proba. Bi elgoibartarrek 14 itzuli osatzea lortu zuten, hau da, 94 kilometro egin zituzten korrika. "Zapatuan 9:00etan hasi zen proba eta eguerdirako bukatuta genuenez, Elgoibarrera itzuli ginen eta arratsaldean bueltatu ginen berriro Loiura, gure taldekide Gamboa azken itzulietan animatzera. Usteak erdi ustel, oraindik asko falta baizitzaion bukatzeko. Astelehen goizaldera arte jarraitu zuen. Jonek eta neuk 14na itzuli osatu genituen eta Asierrek beste hamabi itzuli. Ez dira marka txarrak, baina hiirurona batuta ere ez gara iristen Verdugo irabazleak edo Gamboak eurek bakarrik egin zituzten itzuli kopurura. Supergizakiak dira hauek, ez sinestekoa da!". Gamboa taldekide izanda asko ikasi dutela ere gaineratu du Martinek. "Gamboaren emazteak janari mordoa eraman zuen tupperretan, denetarik, oilaskoa, hegaluzea, arroza... 6.000 kaloria gastatu nituen baina pisurik galdu gabe. Elikaduraz gainera, atsedena nola hartu ere ikasi genuen onenengandik. Irabazleak itzuli bat osatzen zuenean platano bat jan, lurrean etzan eta lomuxka txiki bat egiten zuen, adibidez".
Era honetako proba batean parte hartzen duen bigarren aldia izan da Juanan Martinentzat, iaz Madrilen jokatu zuten beste batean hartu baitzuen parte.