Lasterkari elgoibartarra Los Molinos herrian jokatu zuten Ruta de la Piedra Backyard Ultra probaren hirugarren edizioan lehiatu zen, joan den ekainaren 21ean. Lasterketen modalitate hau ez da oso ezaguna oraindik, baina hasi da izena hartzen eta azken urteetan Munduko eta Espainiako Txapelketak antolatu dituzte.
Backyard Ultra probetan 6,7 kilometroko zirkuituan lehiatu behar dute parte hartzaileek eta ordubete dute itzuli bat osatzeko. Lortzen dutenek itzuli berri bat hasten dute, eta horrela jarraitzen dute korrikalari bakarra gelditzen den arte; probako irabazlea. Azkarrenak baino sendoenak irabazten du biziraupen proba hau.
CATT Morkaiko taldeko ordezkariak hamasei itzuli eman zizkion 6,7 kilometroko itzuliari, 107,31 kilometro eginez. Marka itzela da, baina txiki lagatzen du proba irabazi zuen Ibon Gamboa mungiarrak egin zuenak: 39 itzuli egin zituen, edo beste era batera esanda, 261,3 kilometro. 39 orduan aritu zen zirkuituari bueltaka. "Argi dago lasterketekin zoratuta gaudenontzako moduko proba dela, baina ondo jan eta hidratazioa zainduta edozer lor daiteke. Zortea, sasoi puntu egokia eta eguraldia alde izan ditut oraingoan", adierazi du probako irabazleak.
Loiun egingo dute datorren urtean euskal lurretan jokatuko den estreinako Backyard Ultra estiloko proba.