Lehia eta omenaldiak eskutik emanda Bolari Egunean

Barren 2025ko eka. 10a, 16:45

Gipuzkoako txapelketan saritutako lagunak Bolari Egunean.

Gipuzkoako Bolari Eguna ospatu zuten joan den zapatuan, Azkoitian, Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketari amaiera emateko.

Ohi duten moduan, Lehendakari torneoa jokatuz hasi zuten Bolari Eguna, goizean, Floreaga auzoko bolatokian. Gipuzkoako 54. Hiru Txirlo Txapelketan aurreneko 64 postuetan sailkatutako bolariek parte hartu zuten kanporaketa formatoan jokatzen den txapelketan eta Bittor Astigarraga eibartarra heldu zen azkenera arte. Bera da aurtengo txapelduna. San Migel taldeko zazpi kidek hartu zuten parte eta zortzi onenen artean sailkatu ziren Jabier Osoro eta Angel Ibarluzea, baina ez zuten finalerdietara sailkatzerik lortu. 

Sariak eta omenaldia

Lehiaren ostean, bolariek bazkaria egin zuten Joseba jatetxean, eta bazkalostean, Gipuzkoako 54. Hiru Txirlo Txapelketako sariak banatu zituzten. Hamar jardunaldietako emaitzak batuta, Jon Aransolo Etxaburuk irabazi du aurten txapela, Floreaga taldeko Gorka Etxaniz azkoitiarra izan da txapeldunordea eta San Migel taldeko Jabier Osoro sailkatu da hirugarren postuan. Emakumezkoetan, UDA taldeko Isana Gorosabel aretxabaletarrak irabazi du Gipuzkoako txapelketa. Bikotekako sailkapenean, Sebas Aranzabal elgetarra eta Bergarako San Joxepe taldeko Asier Azkaratek osatutakoak lortu du Gipuzkoako onena izatea. San Migel taldeak irabazi du taldekako sailkapen nagusia.

Guztira, hogei sari banatu zituzten. Sariez gain, Floreaga bola taldeak bere taldekidea izandako Manuel Zapirain omendu zuen. Bolari Eguneko ohitura da urtero bola jokuaren bueltako norbait omentzea.

Argazkiak: Floreagako bola taldea.