Sargoateko urmaela hesitu eta beste hainbat lan egin dituzte auzolanean

Barren 2025ko eka. 10a, 13:46

Gure Natura Ezagutzen egitasmokoek auzolanerako deia egin zuten eta 25 bat lagun agertu ziren zapatuan, Sargoateko urmaela hesitu eta iturri ingurua txukuntzeko lanak elkarrekin egitera.

Mintxetako aparkalekuan elkartu ostean, autoz igo ziren Sargoateko iturri pareraino. Morkaikok erosi zituen lurretan dago iturria eta 2019an urmael bat sortu zuten iturriaren ondoan, hura ere auzolanean. Harrezgero, hainbat anfibio eta intsekturen babesgunea eta bizilekua da urmaela. Zapatuan potzuaren ingurua hesitzeko lanak egin zituzten, baina baita beste hainbat lan ere, taldetan banatuta. Batzuk hesiak ipintzen zituzten bitartean, iturri ingurua txukuntzen, intsektuentzako hotela prestatzen eta narrastientzako gordelekua ontzen aritu ziren beste batzuk. Iturri azpiko potzutik narrastiak errazago irteteko arrapala txiki bat ere ipini zuten. Lanotarako Aranzadi elkartekoen laguntza eduki zuten.
Morkaiko, Elgoibarko Baso Biziak taldea eta Atxutxiamaika ari dira Gure Natura Ezagutzen egitasmoa sustatzen, Elgoibarko Udalaren laguntzarekin eta babesarekin.

*Irudiak: Atxutxiamaika.