Jubilatuak, oholtzara

Barren 2025ko eka. 6a, 14:05

2023an zuzendaritza talde berria sartu zen Jubilatuen Biltokian. Lurdes Beneitez izendatu zuten lehendakari, eta hasieratik azaldu zuen gauza berriak egiteko asmoa. Eraldatze prozesu horretan, betiko zenbait ekintza mantendu zituzten, baina aldi berean, tailer berriei egin zieten lekua, tartean antzerkigintzari. Taupada Antzerki Taldeko Edurne Lasa dute zuzendaria, eta Joxe Mari Larrañaga teknikaria. Haien esanetara biltzen da taldea astero, eta dinamika horretatik sortu dute Jubi Antzerki Tailerra.

Hainbat urteren ondoren erreleboa egon zen Jubilatuen Biltokiko zuzendaritzan 2023an, eta Lurdes Beneitez izendatu zuten presidente. Talde berriak aire berria ekarri nahi zion biltokiari, eta horretarako ekintza berriak sortu zituzten, tartean antzerki tailerra. Taupada antzerki taldeko Edurne Lasak egin zien antzerki tailerra martxan jartzeko proposamena, eta begi onez ikusi zuen zuzendaritza taldeak. "Edurne Lasak eman zizkigun azalpenak entzunda ez genuen zalantzarik izan, eta aurrera egitea erabaki genuen. Oso ideia polita iruditu zitzaigun". Deialdia egin zuten, eta 2024ko urtarrilean hasi ziren martxan. Hasieran izenik gabe, baina gaur egun Jubi Antzerki Tailerra da beraien izena.

Bederatzi-hamar bat lagun hasi ziren, eta aldaketa batzuk egon badira ere, taldea egonkortuta dute dagoeneko. Hauek dira Jubi Antzerki Tailerreko kideak: Rosa Mata, Maritere Arakistain, Gloria Santiago, Bego Moro, Maite Unzueta, Coro Fernandez, Loli Outumuro eta Maite Txurruka. Azken biak etorri dira BARRENera taldearen ordezkari modura, eta eurek azaldu digute taldearen funtzionamendua. Biek bat egin dute konpromisoa aipatzerakoan, eta azaldu dute taldekide guztiek oso serio hartu dutela tailerra: "Opor egunak ere antzerki tailerraren egutegiaren arabera hartzen ditugu", azaldu dute. Oso pozik joaten dira antzerkia egitera, eta norberaren beldurrak zein lotsak gainditzeko oso lagungarri egin zaiela aitortu dute. Maite Txurrukari betidanik gustatu izan zaio antzerkia, baina antzerki talderen batean sartzeak "erreparoa" ematen zion. Jubilatu zenean talde berri honetarako deialdia ikusi zuen, eta ez zuen dudarik izan: "Ikaragarri pozik nabil, lagun talde bikaina sortu dugu eta ahal dugun guztian laguntzen diogu elkarri". Loli Outumurok hizkuntzarekin zeukan arazoa, eta hasieran dudatan egon zen. Antzerki tailerra euskaraz zen, eta berak ez zekien euskaraz. Hala ere, Edurne Lasarekin hitz egin ondoren, izena ematera animatu zuten, eta ez da damutu: "Nik bi gauza ikasten ditut tailer honetan: antzerkia eta euskara". Ezin hobeto etorri zaiola aitortu du, eta taldeari oso eskertuta dago. "Askotan geuk jartzen dizkiogu oztopoak gure buruari, eta ni oso pozik nago oztopo hori gainditu dudalako". Nabarmendu dute Edurne Lasa oso konprometituta dagoela euskararekin ere, eta Gipuzkoako jubilatuen etxeetako antzerki taldeen artean Elgoibarkoa dela euskaraz funtzionatzen duen bakarra.

Iaz Intxaurrondon antzeztu zuten Jubilatuen Biltokien Gipuzkoako topaketan, eta esperientzia oso ona izan zela kontatu dute. Aurten Legazpin izango da topaketa, eta hara ere joango dira, estreinatu berri duten Ai eneeee obrarekin. Bi urtetan hiru obra sortu dituzte, eta domekan aurkeztu zuten hirugarren lana; Ai eneeee izenekoa. Osasun zentro bateko itxarote-gelan gertatzen dena kontatzen du. Zortzi emakume daude itxarote-gela horretan, bakoitza bere gaitz eta ezinegonekin, medikuaren kontsultan sartzeko zain, eta itxaroaldi horretan ezusteko egoera bitxiak bizitzea tokatuko zaie. Antzerki obraren sortzaile nagusia Edurne Lasa izan da, baina azaldu dute beraiek ere egin dituztela etxeko lanak eta bakoitzak bere pertsonaiaren istorioa sortu behar izan duela. Gero guztien artean pentsatu zituzten pertsonaia bakoitzarentzako egokienak ziren orrazkera eta jantziak, eta iruditzen zaie prozesu hori horrela egiteak asko lagundu duela obran sartzen. Detaile guztiak zaintzen dituzte: "Irakasle oso onak ditugu, eta bakoitzak eraiki duen pertsonalitate horren gaineko guztia lantzen dugu. Tailer honetan testu bat ikastea baino askoz gehiago egiten dugu".

Edurne Lasa taldeko zuzendariaren lana goraipatu dute biek, eta haren profesionaltasuna ere nabarmendu dute: "Edurnek egiten duen lana sekulakoa da. Antzerkia barrutik bizi du, oso serio hartzen du bere lana eta gure onena ateratzen du. Berak oso erraz egiten du dena, pasioz, eta dakiena guri erakustea ere asko gustatzen zaio. Guk disfrutatzen dugun modu berean disfrutatzen du berak ere gurekin". Antzerkirako teknikak erakusten dizkie, eta oholtzan segurtasunez antzezteko aholkuak ere ematen dizkie. Laugarren hormaren teknika esaterako, oso baliagarria izan zaie: "Publikoari ezin zaiola begiratu esaten digu beti; laugarren horma bat irudikatu behar dugula aurrean eta inor egongo ez balitz bezala igo behar garela oholtzara. Gezurra dirudi, baina funtzionatzen du; askotan ez duzu inor ikusten publikoan".

Loli Outumurok kontatu du lehenengo obran bere pertsonaiak kantatu egin behar zuela. Sor Severina mojaren azalean sartu zen, eta elizako kantu bat abestea egokitu zitzaion. Sekulako lotsa ematen zion kantatzeak, baina barruan sentitzen zuen irakasleari huts egingo ziola kantatzen ez bazuen, eta bere buruari esan zion nola edo hala kantatu behar zuela. "Konbentzitu nintzen, eta esan nion Edurneri: 'Lolik agian ez, baina Sor Severinak kantatu egingo du'". Sinistu dute antzezten ari direla eta oholtzan dagoena ez dela pertsona, baizik eta interpretatzen ari diren pertsonaia. Bereizte horrek laguntzen die lasaitzen, nahiz eta aitortu kirioak dantzan egoten direla eszenatokira irten aurretxoan.

Joxe Mari Larrañagak teknikari lanak egiten ditu, eta antzezle moduan ere aritzen da. Urteetako eskarmentua nabari zaiola adierazi dute: "Edurnek eta Joxe Marik ekipo bikaina osatzen dute".

Taldean Joxe Mari Larrañaga da gizonezko bakarra, nahiz eta azken obran Edu Ayesta Taupadakoa izan duten gonbidatu gisa. Gizonezkoak ere animatu dituzte taldera, baina momentuz ez zaie bakar bat batu taldera. Lurdes Beneitezek azaldu du xake tailerrean gizonezko pila bat daudela, baina dantzara edota antzerkira ez direla animatzen. Edurnek egoki ikusten duenean egingo dute berriz ere taldekide berriak gehitzeko deialdia: "Obrak martxan daude eta ezin da edozein momentutan zabaldu izen-ematea, baina egongo da aukera, seguru". Antzerki tailerra egonkortuta dago Jubilatuen Biltokiko programazioan, eta antzerki Tailerrak etorkizun oparoa daukala dirudi. Zuzendaritzatik balorazio positiboa egin dute, eta pozik daude ate hori zabaldu izanagatik.

Argazkiak: Lutxi Arregi eta BARREN.