Etxebizitzaren arazoari lotutako hainbat datu gutxiestea leporatu dio EHBilduk Udal Gobernuari

Barren 2025ko eka. 5a, 14:30

Etxebizitzaren gaia eztabaidatu zuten joan zen asteko udalbatzarrean. 

EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen, Udalari etxebizitza eskubidearen krisiari aurre egiteko neurri berriak bultzatzeko eskatuz, baina Udal Gobernuak kontramozioa aurkeztu eta hark egin zuen aurrera. EH Bilduk hainbat datu eman zituen: "Elgoibarko bizilagun batek, batez beste, soldataren % 44 erabili behar du etxebizitza berria erosteko, baina ez luke %30 baino gehiago izan behar". EAJ-k datu hori zalantzan jarri zuen, datu ofizialetan horrelakorik ez zela agertzen argudiatuta. EH Bilduk berretsi egin du datu hori: "2024an Elgoibarren saldutako etxebizitzen batez besteko prezioa 157.000 eurokoa izan zen (Jaurlaritzaren datua). EUSTATek dio 22.328 eurokoa izan zela elgoibartarren batez besteko errenta erabilgarria 2022an (2024rako 23.700 euroko kalkulua egin daiteke). Batez besteko etxe hori erosteko hipoteka batek hileko 869 euroko kuota dakar, hau da, urteko 10.428 € (20 urterako, % 3an). Beraz errentaren % 44, batez beste".

Datuak "arinki" gutxiestea leporatu dio EH Bilduk Udal Gogernuari eta kargu hartu dio egoera ez dagoela horretarako esanda. Eurek aurkeztutako mozioa aurrera egin ez duen arren, elkarlanerako prest daudela esan diete: "Analisi konpartitua eta politika publiko eraginkorragoak egin nahi dituenak lagun izango du EHBilduren eskua".