EHBilduk etxebizitza eskuratzeko ikusten dituen zailtasunak jaso eta merkatu libreari mugak jartzea eskatzen zuen mozioa aurkeztu zuen. Bi premisatan oinarritu zuten mozioa: batetik, salatu zuten merkatuak ez duela bermatzen etxebizitza eskuratzea, eta, beraz, ezinbestekoa dela merkatu libreari mugak jartzea. Bestetik, zioten etxebizitzaren funtzio soziala aitortzeak Udal gisa merkatuan esku-hartzeko tresnak abian jartzea eskatzen duela, erantzukizuna beste erakunde batzuen gain laga gabe. Elgoibarrera etorrita, eraikitzen den "apurra" etxebizitza librera bideratzen dela jaso zuten mozioan eta horrek ez duela bermatzen etxebizitza eskuratzeko sarbide unibertsala. Era berean, alokairua ordaintzeko ematen diren laguntzak eraginkorrak ez direla salatu zuten, haien esanetan ez direlako estrategia oso baten parte eta diru publikoa transferitzea dakartelako, alokairu-prezioak igotzeko arriskuarekin.
Mozioaren bidez epe motzerako neurriak proposatu zituen EH Bilduk, etxebizitza hutsak merkaturatzea eta etxebizitza-parke publikoa handitzea helburu dituztenak, baina EAJk eta PSEk kontra bozkatu zuten eta kontramozio bat aurkeztu. Udal Gobernutik erantzun zieten hauteskunde programan jaso zituztela etxebizitzaren arazoari erantzuteko neurri eta proiektuak eta horretan dihardutela legealdi hasieratik. Haien esanetan 2019an Elgoibarren babes ofizialeko 47 etxebizitza eraiki zituzten, 122.000 eta 169.000 euro arteko balioa izan zutenak, eta zalantzan jarri zuten Bilduk emandako datu bat. Hain zuzen ere, Bilduk zioen elgoibartarrek soldataren %44 bideratu behar dutela etxebizitza erosteko, eta Udal Gobernutik erantzun diote Jaurlaritzaren txostenetan ez dela horrelakorik jasotzen eta Elgoibar ez dela eremu tentsionatuen zerrendan azaltzen. Eta azpimarra egin zuten etxebizitzak eraikitzeko lurrak erosteko Elgoibarren dauden zailtasunetan.
Udal Gobernutik esan dute Elgoibarren hutsik dauden etxebizitzak alokairuan jartzeko neurriak ezartzea dela haien nahia eta bide horretan Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza-hitzarmena hasita dutela. Horren barruan Bizigune eta Gaztelagun programak bultzatuko dituztela ere nabarmendu zuten: "Elgoibarko Udala lanketa sakona egiten ari da eta bide horretan jarraituko du".