Alzheimerraren gaiak jakin-min handia sortu du Elgoibarren

Barren 2025ko eka. 4a, 12:20

Kultur Etxeko hitzaldi-gela txiki gelditu zen Alzheimerraren inguruko hitzaldia entzuteko. Arg: Elgoibarko Duintasuna.

Marti Masso doktore, neurologo eta irakasle emeritu ezagunak Alzheimerraren inguruko hitzaldia eman zuen atzo Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi-gelan, Elgoibarko Duintasuna Elkartekoen eskutik, eta aretoa goraino bete zuten herritarrek. 

Are, antolatzaileek aulki gehiago jarri zituzten arren, herritar batzuk kanpoan gelditu ziren leku faltagatik. Antolatzaileek oharra zabaldu dute eta esan dute biziki sentitzen dutela denak hartu ezin izana.

Jose Felix Marti Masso (Constanti, Tarragona, 1947) Neurologiako mediku espezialista Alzheimerraren lehen sintomez eta eboluzioaz, diagnostiko goiztiarraren garrantziaz, eta arrisku-faktoreez (diabetesa eta sedentarismoa, esaterako) mintzatu zen, besteak beste, eta aholku praktikoak eman zizkien senideei eta zaintzaileei.

Masso neurologian katedraduna da, eta besteak beste, Zientzia eta teknologia modalitateko Ikerkuntzako Euskadi Saria jaso zuen 2014an, eta 2017tik 2022ra, Aubixa fundazioko presidentea ere izan zen.