Elgoibarko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta OTC Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoak antolatu dituzte tailerrak, Energia Argitu programaren baitan. Programa horren helburua da Gipuzkoako sektore ezberdinei energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea.
Elgoibarren emango dituzten bi saioak Aita Agirre Kulturguneko areto gelan izango dira, 18:00etan. Sarritan gasaren eta elektrizitatearen fakturak ulertzea konplexua izaten dela eta, fakturak ulertzen laguntzea dute helburu saioek, fakturak modu egokian kudeatu ahal izateko. Halaber, merkatu erregulatua eta librea aztertuko dituzte, eta energia aurrezteko gomendioak emango dituzte tailerrean.
Bihar (ekainak 4) emango duten saioan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea, eta gaur da azken eguna. Ekainaren 11ko saioan parte hartzeko, ekainaren 10 baino lehen eman behar da izena. Hona bi saioei buruzko xehetasunak:
Ekainaren 4an: Zure kontsumo elektrikoa eta tarifa hobeto ulertzeko tailerra
Tailer honek argindarraren faktura, kontratatutako potentzia, kontsumo datuak eta tarifa elektriko berrien egokitzapena ulertzen lagunduko du. Parte hartzaileek honakoak ikasiko dituzte:
- Fakturaren elementu nagusiak: banatzailea vs. merkaturatzailea, potentzia, ordutegi- tarteak...
- Nola eskuratu kontsumo datuak (CUPS eta kontagailu adimendunak)
- Kontsumoa nola birbanatu eta tarifa egokia nola aukeratu
- Izena emateko: energiabulegoa@gipuzkoa.eus / 628 532 303
Ekainaren 11n: Energia aurrezteko eta eraginkortasuna hobetzeko tailer praktikoa
Bigarren saio honetan, etxe barruan energia eraginkortasunez erabiltzeko ohitura eta material errealak aurkeztuko dira. Eguneroko ekintzetan (berokuntza, sukaldea, argiteria...) nola aurreztu erakutsiko dute, erosotasunik galdu gabe.
Bertaratzen direnei Energia-aurrezkiari eta eraginkortasunari buruzko aholku praktikoen gida banatuko zaie. Bertan modu erraz eta ulergarrian azaltzen dira energia aurrezteko eta eraginkorragoak izateko baliagarriak diren aholkuak. Izen-ematea: ekainaren 10a baino lehen egin behar da, eposta bidez edota telefonoz: energiabulegoa@gipuzkoa.eus / 628 532 303.