Altzolako auzo elkarteak jarriko du txosna hileko azken zapatuko ferian

Barren 2025ko mai. 28a, 17:12

Hileko azken zapatuko feria antolatu du Debemenek maiatzaren 31rako, Udalaren laguntzarekin, eta goizean goizetik Elgoibarko baserrietako produktuak erosteko aukera izango da Kalebarren plazan. 

Artaldekoek ere artisau lanak jarriko dituzte salgai, eta 11:00etatik aurrera hemen bertoko osagaiekin prestatutako pintxoak dastatzeko aukera egongo da txosnan. Altzolako Auzo Elkarteak kudeatuko du oraingoan, eta sahieskia eta txorizoa salduko dituzte, taloarekin edo ogiarekin.

Kamisetak eta errifak

Pintxoak saltzeaz gain, errifak ere salduko dituzte, eta telebista bat eta Elgoibarko baserrietako produktuekin osatutako otarrea zozkatuko dituzte. Era berean, Altzolako tren geltokiaren aldeko sinadurak bilduko dituzte, eta kamisetak ere jarriko dituzte salgai. Bildutako dirua Altzolako dinamika berreskuratzeko erabiliko dute. 

Haziak erein, landareak landatu

Atxutxiamaikak, bestalde, tailerra egingo du umeekin. Haziak erein eta landareak landatuko dituzte, Kalebarren plazan, 11:30etik aurrera. 
Eguerdian, ganadu erakusketa egongo da, Kalebarren plazan.