Udalak 45.000 euroko diru laguntza eman die Aizu eta Txankakua elkarteei

Barren 2025ko mai. 27a, 13:42

Urte osoan zehar garatzeko dinamizazio-jarduerak gauzatzeko diru-laguntza eman die Elgoibarko Udalak Txankakua merkatari elkarteari eta Aizu! ostalarien elkarteari.

Laguntza honen helburua herriko ostalaritza eta merkataritza sektoreak biziberritzeko dinamizazio-jarduerak sortu eta gauzatzea dela zehaztu dute Udaletik. Bi elkarteekin berritu dituzten lankidetza hitzarmenei esker, 45.000 euroko ekarpena egingo die Udalak: 20.000 euroko dirulaguntza emango dio AIZU! Ostalaritza Elkarteari; eta 25.000 euroko dirulaguntza Txankakuari.

Ostalaritzari dagokionez, Aizukoek egin beharko dituzten hainbat jarduera aipatu dituzte, hala nola, ostalaritzaren irudi bateratu eta erakargarria sustatzea, bezeroak fidelizatzeko kanpainak egin, eta inguruko herrietatik bezeroak erakartzeko ekimenak diseinatu eta gauzatu. 

Merkatariek egin beharreko dinamizazio-jardueretan honakoak aipatu dituzte: merkataritza elkartegintza sustatzea, tokiko kontsumoa indartu, kontsumitzaileek kanpora jotzea sahiestuz; eta, komunikazio eta marketing kanpainetan euskararen presentzia zaindu eta ziurtatu.

Udaletik gaineratu dutenez, bi hitzarmenek ekintzen jarraipena eta justifikazioa egiteko sistema bat ezartzen dute, eta sinatzaileak funtsak adostutako jardueretarako bakarrik erabiltzera behartzen dituzte.