Elgoibarko Udalak 205.452 euroko dirulaguntza emango die aurten herriko ikastetxeei

Barren 2025ko mai. 22a, 17:42

“Bizitzarako prestakuntza euskaraz” programen baitan, Elgoibarko Udalak hitzarmen bateratua sinatu du herriko ikastetxeekin, hainbat proiektu eta egitasmo finantzatzeko.

Ikasturte honetarako diru laguntza 205.452 euroko izango da (211.859 eurokoa izan zen aurreko ikasturtean). Herriko ikastetxeekin adostutako hitzarmen horien bidez, euren proiektuak garatzeko laguntza jasoko dute zentroek, "herritarren prestakuntza eta kohesio soziala bultzatuz".

Hitzarmena honakoek sinatu dute, besteak beste: Maialen Gurrutxaga, Elgoibarko alkatea; Ion Vazquez, Elgoibar Ikastolako zuzendaria; Nerea Gorostiza, Herri Eskolako zuzendaria; Jone Agirregomezkorta, IES Elgoibar BH Institutuko zuzendaria; Jose Mari Beristain, MEKA Lanbide Eskolako zuzendaria, Ixaka Egurbide, IMH Campuseko zuzendaria eta Fernando Gomez CEPAko zuzendariak.

Dirulaguntza Udaleko Hezkuntza, Gizarte Ongizate, Euskara, Berdintasun, Sustapen Ekonomiko eta Enplegua eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako sailek bideratu dute, betiere, eskolekin adostutako hitzarmenak garatzeko eta sail hauen helburuekin bat datozen ekintzak abian jartzeko.

Laguntzen zenbatekoari dagokionez, honakoak dira zenbatekoak:

  • Elgoibar Ikastola: 60.699 € 
  • Elgoibarko Herri Eskola: 29.986 €
  • IMH: 72.000 €
  • Meka Lanbide Eskola LHII: 13.000 €
  • Elgoibar Arreiturre BHI: 27.967 €
  • CEPA Eibar-Eibarko HHI: 1.800 €