Biltegiak "hutsik" dituztela eta, dohaintzak egiteko eskatu du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak

Barren 2025ko mai. 22a, 11:15

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak barikuan eta zapatuan (maiatzaren 23an eta 24an) egingo duen Udaberriko Elikagaien Bilketan parte hartzeko deia egin dute Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Jubilatuen Biltokiak. Boluntarioak ere behar dituzte.

Txandak antolatuko dituzte, bai barikurako eta bai zapaturako, baina izena ematen duten boluntarioen arabera osatuko dituzte txandak. Boluntario izateko izena eman nahi duenak 943 740 526 telefonora deitu behar du edo Elgoibarko Jubilatuen Biltokira joan.

Udaberriko kanpaina honek elikagaien eta/edo bonuen bidezko dohaintza sustatuko du herriko Eroski, BM-Netto eta Mercadona supermerkatuetan. 

Herritarrei "premiazko deia"

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak "premiazko deia" egin die herritarrei, eta udaberriko bilketa honetan "elkartasunez mobilizatzeko" eskatu du. "Biltegia hutsik" dagoela azaldu dute gobernuz kanpoko erakundearen arduradunek. Haien arabera, apalategiak egoera "kritikoan" daude; izan ere, dohaintza ekonomikoak, bonuak eta elikagaiak galtzeak, 450.000 kilo arteko defizita sor dezake aurten, 2024arekin alderatuta.

350.000 kilo bildu behar dituzte

Hori horrela, udazkenera bitartean hileroko banaketarekin segitzea "arriskuan" ikusten dute. "Aurten, gutxienez, 350.000 kilo bildu behar ditugu udaberriko kanpainan. Lortzen ez badugu, ezingo ditugu banaketak bermatu datozen hilabeteetan", azaldu du Belen Mendez de Vigo Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidenteak. Joan den azaroan egin zuten janari bilketa kanpainan 212.000 kilo jaso zituzten Gipuzkoa osoan, 2023koan baino %5 gehiago. Elgoibarren 28 janari kutxa eta 2.500 euro bildu zituzten.
Urtero sasoi honen bueltan antolatzen du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak bilketa handia, erakundearen egoitzetako apalategiak produktuz zein elikagaiz betetzeko eta horiek urte osoan zehar herriko pertsona zaurgarrienen artean banatzeko. Gaur egun, Elikagai Bankuak 17.202 pertsona artatzen ditu Gipuzkoan.