Lurraldeko 154 janari-dendak egin zuten bat elkartasun kanpainarekin eta 1.800 boluntario inguru aritu ziren lanean horietan. Elikagaien bankuko arduradinek jakinarazi dutenez, biltegietako apalak bete dituzte herritarrek emandako laguntzarekin, eta baliabide horiek funtsezkoak dira Gipuzkoan artatutako 17.000 pertsonei eta DANAk eragindako udalerrietako familientzako elikadura-laguntza bermatzeko. Urtero egiten duten bilketa handi hori ekitaldi solidario bat baino askoz gehiago dela adierazi du bankuko presidente Belen Mendez de Vigok. "Gure komunitatearen indarraren erakusle argia da elkartasun uholde hau, Gipuzkoan inork goserik pasa ez dezan nola elkar hartzen dugun erakusten duena. Aurten, gainera, dohaintzek mugak zeharkatu dituzte DANA dela-eta dena galdu dutenei laguntzeko. Elikagai kilo bakoitzak eta dohaintzan emandako euro bakoitzak onura eta eragin zuzena dute milaka pertsonaren bizimoduetan", adierazi du.
Elgoibarko datuak: 28 kutxa elikagai eta 2.500 euro
Elgoibarrek ere bat egin zuen azaroaren 22an eta 23an egin zuten kanpainarekin, eta guztira 28 janari kutxa eta 2.500 euro bildu zituzten. Santa Ana kaleko Eroskin 6 elikagai-kutxa bete zituzten herritarrek dohantzan emandako elikagaiekin, eta 1.028,00 euro bildu zituzten bonuetan; Maalako Eroskin 8 elikagai-kutxa eta 2.506,65 euro eta BM-n 14 kutxa eta 1.704,00 euro. Honenbestez, guztira 28 janari kutxa eta 2.500 euro batu dituzte Elgoibarko elikagai bilketan.
Bergarako Elikagaien Bankuak, Elgoibarko Gurutze Gorriak eta Elgoibarko Udalak eskerrak eman dizkiete bilketan parte hartu duten guztiei.