Zilarrezko eta brontzezko domina bana lortu ditu Uxue Etxeberriak Gipuzkoako gimnastika erritmikoko txapelketan

Barren 2025ko mai. 21a, 13:56

Eibarko Ipurua kiroldegian jokatu zuten, aurreko zapatuan, Amateurren Gipuzkoako Gimnastika Erritmiko Txapelketa. 

Kadete, jubenil eta senior kategorietako taldeak eta banakakoak lehiatu ziren Gipuzkoako txapelketan, eta senior kategoriakoekin lehiatu zen Uxue Etxeberria Zabalo gimnasta elgoibartarra. Bi domina eskuratu zituen Etxeberriak, Amateur A kategorian. Mazekin egindako ariketan Gipuzkoako txapeldunorde geratu zen, eta mazekin eta pelotarekin egindako ariketak kontuan hartzen dituen sailkapen orokorrean, berriz, hirugarren postuan sailkatu zen. Hortaz, zilarrezko eta brontzezko domina bana lortu zituen txapelketan. 

Iaz ere ez zen esku hutsik bueltatu txapelketa honetatik, urrezko domina bat eta zilarrezko hiru irabazi baitzituen, eta 2023ko txapelketan ere zilarrezko bi domina lortu zituen.

Hurrengo erronka Euskadiko txapelketan izango dute gimnastek. Durangon jokatuko dute maiatzaren 25ean eta 31n, kategorien arabera. Etxeberriak maiatzaren 31n jokatuko duten saioan hartuko du parte, Gipuzkoako txapelketan lehiatu zen aparatoetan: pelota eta mazak.

Uxue Etxeberria gimnasta podiumeko hirugarren lekuan Gipuzkoako txapelketan.