Olaizagako ringetik irten dira Euskadiko boxeo txapeldunak

Barren 2025ko mai. 20a, 17:09

Olinpiar modalitateko Euskadiko Boxeo Txapelketako finalak jokatu zituzten zapatu arratsaldean Elgoibarren. Boxeo maratoia izan zen, pisu desberdinetako hogei bat borrokaldi jokatu baitzituzten Olaizaga kiroldegian jarri zuten ringean.

Junior, gazte eta Elite mailetako boxeolarien finalak jokatu zituzten, 48 kilokoetatik hasi eta 92 kiloz gorakoetara arte. Guztira 23 final jokatzekoak zituzten arren, jokatzeke geratu ziren gutxi batzuek, lehiakideetako bat pisuan sartu ez zelako, edo min hartuta zegoelako. Bata bestearen atzetik jokatu zituzten borrokaldiak, 17:00etan hasi  eta 21:00ak aldera arte. Hala, era eta estilo askotariko boxeolariak eta borrokaldiak ikusteko aukera izan zuten zaleek. Puntuetara erabaki ziren borrokaldi gehientsuenak, baina KO bat edo beste ere egon zen. 

Irabazleak Espainiako txapelketa jokatzeko sailkatu dira. Elite mailakoak Segovian lehiatuko dira, ekainaren 16tik 22ra bitartean.