Elgoibarko Euskaraldia Taldetik aurreratu dutenez, jendea izango da hasiera-ekitaldiko protagonista, Euskaraldia egingo duen jendea.Ariketaren gainean gogoeta egingo dute, hasteko. Hori bai, musikarentzat ere izango da tokirik, eta Birakako dantzariak ere bertan izango dira. Hasiera-ekitaldiari amaiera emateko, berriz, Euskaraldia ekimenak iraungo duen 11 egunetan egingo duten 11 ikasteko! jolas-lehiaketari emango diote hasiera.
1.087 norbanako eta 101 entitate
1.087 norbanakok eman dute izena, momentuz, Elgoibarren, baina gaur ere izango da izena eman eta txapa jasotzeko aukera. Entitateei dagokienez, 101 entitatek eman dute izena Euskaraldia ariketan. Aurten, gainera, rol edo figura berria ere izango dugu: xaxatzaileak. 16 urtetik beherakoentzat prestatu duten rola da, eta 605 nerabek eman dute izena.
Dena prest dago, beraz, euskara jakin eta ulertzen dutenen artean euskara gehiago egin eta entzuteko apropos prestatutako ariketa nazionala.
Elgoibarko Euskaraldia Taldeak eskerrak eman dizkie ariketa egiteko izena eman duten elgoibartar guztiei: “jantzi txapa egunero eta egin dezagun Euskaraldia bakoitzak nahi eta ahal duen moduan. Egitea da garrantzitsuena, norbera saiatzea eta inguruan eragitea”, adierazi dute.
- Ikus hemen: Euskaraldiari buruzko albiste guztiak