Euskaraldia

11 ikasteko! jolas lehiaketa antolatu dugu, Euskaraldiaren barruan

Barren 2025ko mai. 14a, 10:13

Bihar hasiko da Euskaraldiaren laugarren edizioa, eta hasiera ekitaldia Kalegoen plazan egingo dugu, 19:00etan.  Eragileon artean 11 ikasteko! jolas-lehiaketa prestatu dugu aurtengo ediziorako, eta euskararekin jolas egingo dugu Euskaraldiak irauten duen 11 egunetan.

Berrikuntzak izango ditu aurtengo Euskaraldiak, eta aipatzekoen artean 11 ikasteko! jolas lehiaketa daukagu. Euskaraldiak irauten duen 11 egunetan jolastuko dugu, eta jolasteaz gain, Elgoibarri buruz gehiago jakiteko aukera izango da. 11 egunetan, egunero 11 galdera erantzun beharko dituzte partaideek. 11:00etan argitaratuko ditugu egunero galderak barren.eus webgunean, eta 23:00ak arte egongo da galderak erantzuteko aukera. Elgoibarko euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko galderak izango dira guztiak, eta galdera bakoitzak hiru erantzun-aukera izango ditu. 

PROBA PILOTUA BIHAR, HASIERA EKITALDIAN

Bihar egingo dugu hasiera ekitaldi publikoa Kalegoen plazan, eta han aurkeztuko dugu 11 ikasteko! jolas lehiaketa. Lehenengo galdetegia han bertan erantzungo dugu, eta puntu gehien lortzen dituenak Lizagasarreko produktuekin osatutako saria jasoko du. 

Ondoren, maiatzaren 25era bitartean egunero argitaratuko ditugu 11 galdera webgunean herritarrek erantzueko, eta lehiaketa amaitzen denean puntu gehien eskuratu dituenak irabaziko du txapelketa. Saria ere ez da edonolakoa izango: 11 lagunentzako bidaia itsasontzian, Flhysean barrena, Begi Bistan enpresak babestuta. 

Lehiaketa hau Elgoibarko Izarrak prestatu du, Elgoibarko Udalak babestuta. 

LEHIAKETARAKO OHARRAK 

  • Lehiaketa Kalegoen plazan hasiko dugu bihar, baina lehen eguneko galdetegiak ez du azken sarirako puntuatuko. Plazako saioak bere irabazlea izango du. 
  • Maiatzaren 16tik 25era bitartean egunero argitaratuko dugu galdetegi berri bat webgunean, eta 11:00etatik 23:00etara bitartean egongo da erantzuteko aukera. 
  • Galdetegi berria argitaratzen dugun albistean jarriko ditugu aurreko eguneko erantzun zuzenak. 
  • Ez da derrigorrezkoa egunero jokatzea, baina zenbat eta gehiago jokatu, puntu gehiago eskuratzeko aukera dago. 
  • Jolasteko Google-en saioa hasi beharko da, eta izena eta helbide elektronikoa sartu beharko dira. Garrantzitsua da egunero izen eta helbide elektroniko bera sartzea.
  • Helbide elektroniko bakoitzarekin behin bakarrik jokatu daiteke. 
  • 11 egunen ondoren puntu gehien dituenak irabaziko du. Puntuazioan berdinketa balego, galderak erantzuteko denbora gutxien erabili duenak jasoko du saria. Beraz, galderak zuzen baina ahalik eta azkarren erantzutea komeni da. 
  • Saria: Begi Bistan enpresak emango du. Irabazleak 11 lagunekin Flyshean barrena itsasontzian bidaia egiteko bonoa jasoko du saritzat.