Emakumezkoen eskubaloian azken urteetan egon diren bi euskal talderik indartsuenak ailegatu dira berriro ere finalera, Donostiako Super Amara Bera Bera eta Barakaldoko Zuazo taldeak, hain zuzen ere.
Zilarrezko mailako taldeak kanporatuz iritsi dira bi taldeak finalera. Zuazok 22-30 irabazi zion Ermuko Lauko Errotabarri taldeari talde bizkaitarren arteko lehian, eta Super Amara Bera Berak bigarren taldearen aurka jokatu behar izan zuen Bidebietan. Erraz gailendu ziren lehen taldekoak, 13-43ko emaitzarekin. Donostiako taldetik jakinarazi dutenez, lehen taldearekin lehiatuko dute Elgoibarren jokatuko duten finala, Liga txapelketa irabazteko lehian Costa del Sol Málagaren aurkako finalerdia, maiatzaren 21ean jokatuko dutena, prestatzeko ere baliatu nahi baitute.
Sanloren 25. urteurrena ospatzeko eskubaloi jardunaldian ere jokatu zuten elkarren aurka Zuazok eta Bera Berak Olaizaga kiroldegian bertan, iazko San Bartolome jaietan.
19:30ean hasiko da finala.