Trinitateetako sokamuturra eraikin publikoetatik ikusteko aukera emango du Elgoibarko Udalak zozketa bidez

Barren 2025ko mai. 9a, 10:35

Sokamuturra plazan, iazko urrian.

Ekainaren 15ean Albara ganadutegiak egingo duen sokamuturra udaletxeko eta kultur etxeko balkoietatik ikusteko aukera emango du Udalak, zozketa bidez. 

Interesatuek https://labur.eus/sokamuturra2025 helbidean dagoen formularioa bete behar dute maiatzaren 15erako. Hautatuek lagun bana eraman ahal izango dute beraiekin balkoira.

Ekainaren 15ean egingo dute urteko lehen sokamuturra Elgoibarren, 08:00etatik aurrera, Trinitate jaien barruan. Iaz San Bartolome jaietako hiru sokamuturrez gain, estreinakoz Errosario kaleko jaietarako ere antolatu zuten laugarrena, eta aurten ere bide beretik segitzea zen asmoa, baina Kilometroak jaiak Errosario kaleko jaiekin bat egingo duenez urriaren 5ean, 2025eko Trinitateetan egingo da urteko lehenengo sokamuturra. Udalaren asmoa da sanbartolomeetan eta urrian sokamuturrak antolatzea, urtean lau. Trinitateetakoa nola irteten den ikusi eta aztertu nahi dute, aurrera begirakoak erabakitzeko. Aurrez ere egin izan dira sokamuturrak Elgoibarko trinitateetan, baina 40 urtetik gora pasa dira ordutik.