Ekainaren 15ean izango da, 08:00etan. Iaz San Bartolome jaietako hiru sokamuturrez gain, estreinakoz Errosario kaleko jaietarako ere antolatu zuten laugarrena, eta aurten ere bide beretik segitzea zen asmoa, baina Kilometroak jaiak Errosario kaleko jaiekin bat egingo duenez urriaren 5ean, 2025eko Trinitateetan egingo da urteko lehenengo sokamuturra. Udalaren asmoa da sanbartolomeetan eta urrian sokamuturrak antolatzea, urtean lau. Trinitateetakoa nola irteten den ikusi eta aztertu nahi dute, aurrera begirakoak erabakitzeko. Aurrez ere egin izan dira sokamuturrak Elgoibarko trinitateetan, baina 40 urtetik gora pasa dira ordutik.
Sokamuturrik onena erabakitzeko lehiaketa
Trinitateetakoa ez da sokamuturrari lotutako berrikuntza bakarra izango. 2025ean sokamuturrik onena zein den erabakitzeko lehiaketa egingo dute. Iaz, Udal barnean osatutako batzorde baten ustez, Saka ganadutegiak egindako sokamuturra izan zen onena zezenen kalitateagatik, sokaren erabileragatik eta soka-lagunen trebetasunagatik. Hori dela-eta, Sakak ziurtatuta dauka aurtengo sokamutur ekitaldi batean parte-hartzea. Gainerako ganadutegiek izena eman beharko dute parte hartzeko eta ezinbestekoa izango da Euskal Zezenzale Elkartean (EZE) erregistratuta egotea. Interesa duten ganadutegiek Elgoibarko Udaleko Kultura Sailera jo beharko dute (943 742 158).