Ikusle gehienak Elgoibartik kanpokoak izan ziren, boxeolari bat edo beste animatzera etorritakoak gehienak, eta ageri-agerikoa zen zein animatzera etorriak ziren, euren boxeolaria ringera igoten zenean. Boxeolarien aldeko pankartarik ere ez zen falta. Sekulako giroa jarri zuten Olaizagan batutako zaleek. Puntuetara erabaki ziren borrokaldi guztiak, ez zen KOrik egon. Hiru minutuko hiru roundeko borrokak jokatu zituzten guztiek. Hona hamar borrokaldietako emaitzak:
- Lehen borrokaldian Yessenia Castro (Anoeta) eta Iradi Agirre (Ipar-box) aritu ziren elkarren aurka, 60 kilo arteko konbatean, eta Castrok irabazi zuen, puntuetara. Biak ziren debutariak boxeoan. Castro duela hiru urte Euskal Herrira bizitzera etorritako mexikarra da. MMA diziplinako hiru borroka ditu jokatuak, baina aurrenekoa zuen boxeoan. Era berean, Agirrerentzat ere estreinako aldia izan zen.
- Bigarren borrokaldian, 81 kilo baino gutxiagoko kategorian, Aaron Brades (Ipar-box) gailendu zen Jon Gorospe (Anoeta) boxeolariaren aurkako norgehiagokan. Estreinako borrokaldia zen Bradesentzat eta esperientzia handixeagoa duen arren, irabazi egin zion Gorosperi, 27 urteko donostiarrari.
- Hirugarren borrokaldian, 60 kilotik azpikoetan, Amaia Perezek (Anoeta) irabazi zion Miriam Marcosi (Nafar-sustraiak). Aurrez bi borrokaldi eginak zituen Anoeta taldeko Perezek, eta atseden aldi baten ostean itzuli zen lehiara Elgoibarren. Marcos boxeolari nafarrak estu hartu zuen arren, gipuzkoarrarentzat izan zden garaipena, puntuetara.
- Laugarren borrokaldian, 60 kilora arteko kategorian, Ander Lasa (Sorabox) bergararra eta Fernando Chavez (Nafar-sustraiak) boxeolari nafarra igo ziren ringera, debutariak biak; eta, lehia estu baten ostean, Lasa gailendu zen, puntuetara.
- Bosgarren borrokaldian, 53 kilora arteko kategorian, Karla Legorburu (Anoeta) eta Natalia Rodriguez aritu ziren borrokan. Legorburuk zale ugari ekarri zituen Donostia aldetik, baina zaleen babesa ez zen nahikoa izan garaipena eskuratzeko. Rodriguez gailendu zitzaion, puntuetara.
- Seigarren borrokaldian, Mikel Totorika (Sorabox) durangarra eta Ixai Arruiz (Nafar-sustraiak) igo ziren ringera, 68 kilo azpiko kategorian, eta Arruizentzat izan zen garaipena.
- Zazpigarren borrokaldian, 56 kilotik beherako kategorian, Oihane Gravalos (Anoeta) eta Rakel Casas (Pugilato) lehiatu ziren eta Gravalosek irabazi zuen, puntuetara. Egungo Euskadiko txapelduna da Gravalos 56 kilo azpiko kategorian.
- Zortzigaren borrokaldian, 90 kilo baino gutxiagoko kategorian, Unai Yanguasek (Sorabox) eta Victor Mendietak (Nafar-sustraiak) emozioz beteriko borrokaldia egin zuten. 24 urteko soraluzearra da Yanguas eta aurkariak moduak jendaurreko debuta zuen ring gainean. Berak eduki zuen zale gehien harmailetan, soraluzear ugari gerturatu baitziren lagun eta herrikidearen debuta zuzenean ikustera. Eta, pozik amaitu zuten, borrokaldia irabazi baitzuen Ixa Rodriguezek entrenatzen duen Yanguasek.
- Bederatzigarren borrokaldian, 75 kilo baino gutxiagokoan, Marino Pjerotiv (Sorabox) eta Daniel Zunzarren (Nafar-sustraiak) boxeolarien artekoan Pjerotic izan zen nagusi. Lezon bizi den kroaziarra da Sorabox taldean diharduen boxeolaria.
- Hamargarren borrokaldian, 84 kilo baino gutxiagoko kategorian, Josu Rodriguez (Bilbo boxing) eta Txomin Iturbe (Nafar-sustraiak) aritu ziren elkarren aurka eta Rodriguez gailendu zen estilo eta esperientzia handiko bi boxeolarien arteko lehian.