145.500 litro olio eta 30.700 lote baino gehiago eskatu dituzte, ia 10.700 eskaeretan. Iazko kanpainarekin alderatuz 974 eskaerako igoera izan du kanpainak, eta produktuei dagokienez, 17.530 litro oliba-olio birgina estra eta 4.655 lote gehiago banatuko dituzte aurten.
Arduradunen iritziz 2025eko Eskutik Eskura kanpainak emandakoak beste jauzi bat suposatu du Errigorarentzat, eta nabarmendu dute Errigoraren komunitatea urtetik urtera gehiago zabaltzen ari den erakusgarri direla emaitza horiek. "Kanpainan zehar azpimarratu genuen kontsumitzaile arduratsuen sarea haundiago eginez, 'beste modu' hau indartzearekin batera, norbanako nahiz kolektiboari onurak ematen dizkiogula", adierazi dute. Kanpaina honek eman dituen emaitzei esker aurrera begira ere "bitartekari espekulatzailerik gabeko eredua" indartzen jarraituko dutela aurreratu dute, eta kontsumitzaile zein ekoizleen beharrak erdigunean paratuko dituen eredu bat eratzen jaraitzeko asmoa dutela berretsi. "Bide horretan, kontsumitzaileok ekoizpenean eragiteko gaitasun gehiago biltzen jarraituko dugu, eta era berean Nafarroa erdi eta hegoaldeko ekoizpena indartu eta babestuko dugu".
“Beste modura” kontsumitzeko eta ekoizteko bidea, ordea, ez da kanpainarekin batera amaitu. Errigoran urte osoko lanketa egiten baitute alternatiba hori hezur-mamitzeko: ekoizpenean eraginez, euskara sustatuz, sarea indartuz, ondoko kanpainak prestatzen, jantoki kolektiboekin lanketak eginez, epe-luzerako erronkak identifikatzen, e.a. Proiektuan etengabeko lanketan ari direla azpimarratu dute, "anbizioz eta ilusioz" euren buruei jarri dizkieten hiru helburuetara gerturatzeko lanean: elikadura burujabetza, euskara eta auzolana.
Errigoraren ‘Eskutik Eskura’ kanpaina martxoaren 26an amaitu zen, eta apirilaren 3an eman zuten emaitzen berri. Errigorako sarekideak izan ziren emaitzen berri jakiten lehenengoak, Mendigorrian, Hazialdeko elkarteko ekoizleak ezagutzeko egin zuten bisitan. Bertan, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko zubiak sortzen jarraitzeaz gain, azken asteetan burututako auzolana eta horrek emandako emaitzak ospatzeko tartea hartu zuten.