Mendizaleentzako bazkaria berreskuratuko dute Morkaikoren Egunean

Barren 2024ko mar. 25a, 13:55

Maiatzaren 11n egingo duten Morkaikoren Eguna antolatu ahal izateko boluntarioak behar dituztela jakinarazi du Morkaikok, besteak beste, pandemia garaitik bertan behera lagata zuten mendizalentzako bazkaria berreskuratu nahi dutelako.

"Elgoibarko mendizaleon jaia behar den bezala ospatzeko, Morkahttps://barren.eus/elgoibar/1704984514663-mendizaleen-mendirako-gogoa-eguraldiaren-gainetikikoren Eguneko bazkaria berreskuratzea erabaki dugu", azaldu dute Morkaiko mendizale elkartetik. Izan ere, pandemiaz geroztik ez zuten bazkaririk antolatzen Elgoibarko Mendi Itzulia eta Itzulitxoa egiten zuten mendizaleentzat. Aurtengoan bazkaria ematea erabaki dute, eta mendi taldeko zuzendaritzakoak hasita daude prestaketa lanetan, baina esku gehiagoren laguntza ondo etorriko zaiela jakinarazi dute. 
Bazkideei luzatu diete lanerako deia, hainbat lan egiteko: Elgoibarko Mendi Itzuliaren ibilbidea markatzeko lanak, maiatzaren 6tik 11ra; erosketak jaso eta furgonetan atondu maiatzaren 10ean; Itzulitxoan boluntario modura parte hartu, Metalako bidegurutzea zaindu Morkaikoren Egunean, 12:00etatik 13:30era, eta ibilbideko anoa postuetan zein Kalegoen plazako bazkarian lagundu. 10:00etatik 18:00etara emango dute bazkaria. 
Zerrendatutako lanetatik bat edo gehiago aukeratu eta eurekin kontaktuan jartzeko eskatu diete zuzendaritzakoek bazkideei. Eguaztenetan egongo dira Errosarion duten lokalean, 19:00etatik 20:00etara. E-postaz ere jarri daiteke beraiekin hartu emanetan: morkaiko@morkaiko.eus

Finalista Egunerako mendien zerrendak

Morkaikoren Egunaren barruan egiten du Morkaikok Finalista Eguneko domina banaketa ere. Gogora ekarri dute, egindako mendien zerrendak elkartean aurkeztu behar direla, apirilaren 17a baino lehen. Gutxienez bost  mendi igo behar dira zerrenda aurkeztu eta domina lortzeko, eta Morkaikoko bazkide izan behar dute umeek. Iaz 77 umek jaso zituzten dominak. Zerrendak elkartera helarazi behar dira, bi modutan:

  • Errosario kalean duten lokalera eramanez
  • Korreo elektronikoaren bidez, morkaiko@morkaiko.eus helbidera zerrenda bidalita, gaian FINALISTA EGUNA jarriz.