Zabalik dago langabetuak laneratzeko Hazilan programan izena emateko epea

Barren 2025ko api. 15a, 11:22

Kualifikazio-maila ertain-altua izan arren lan-merkatuan sartzeko edo berriro sartzeko zailtasunak dituzten eskualdeko langabeen laneratzea lortzeko, eta enplegagarritasuna hobetzeko, programa aurkeztu dute.

Hazilan+ izena du programak eta Debabarreneko udalek eta Debegesak sustatu dute elkarlanean. Pertsona kualifikatuak laneratzeko laguntza-programa da; eta, helburu hori lortzeko, programak hainbat orientazio-ekintza jarriko ditu parte-hartzaileen eskura: zeharkako gaitasunetan trebatzea, ezagutzen eguneraketa, enpresako praktikak, etab. 

Egitasmoa, aldez aurretik esperientziarik ez duten gazteei eta egoera desberdinengatik langabezian dauden pertsona helduei zuzenduta dago. Hazilan+ek lehentasuna emango dio etxeko eta zaintza-lanetan aritu izan diren emakumeen lan-merkaturatzera, "datuek erakusten dutelako emakume horiek direla zailtasun handienak dituztenak". Parte hartu nahi dutenek langabezian egon behar dute, eta erdi-mailako, goi-mailako edo unibertsitateko titulua izan behar dute.
Programak, halaber, parte-hartzaileen gaitasunak euskal enpresen beharrekin gurutzatu nahi ditu, "bi aldeen interesei erantzuteko eta gizarte- eta enpresa-sare indartu, dinamiko eta lehiakorra sustatzeko". Alde horretatik, lurraldeko garapen-agentziak funtsezko eragileak izango dira proiektuaren garapenean, 8.000 enpresa-sarea baitute.

Bi ibilbide

Hazilan+ programan parte hartzen duten pertsonek beren beharren arabera bi ibilbide garatzeko aukera izango dute: Osatu edo Lorpen.

  1. Osatu ibilbidearen bidez, parte-hartzaileek lan-merkatuan eskatzen diren gaitasun pertsonalak eta profesionalak lortu ahal izango dituzte talde tailerren bidez. Prestakuntza fase hori maiatzean hasi eta ekainean amaituko da. Ibilbide hori enpresa-praktikekin osatzen da, parte-hartzaileek benetako lan-esperientzia izan dezaten. 
  2. Lorpen, bestalde, banakako ibilbide bat da, enplegu bat lortzeko beharrezko trebetasunak lortuta dituzten pertsonak edo Euskaditik kanpo dauden eta itzultzeko asmoa duten pertsonak zuzenean laneratzera bideratua. Ibilbide honetan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago. 
    Hiru dira parte hartzaileek bete behar dituzten baldintza nagusiak: langabezian egotea, erdi-mailako, goi-mailako edo unibertsitateko titulua edukitzea eta Debabarrena eskualdeko herriren batean erroldatua egotea. 

Debegesa izango da programaren kudeatzailea eta hortaz, ibilbideen informazioa eta izena emateko formularioa bere webgunean daude eskuragarri: www.debegesa.eus 

16 garapen-agentzia parte-hartzaile

Hazilan+ proiektua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamasei agentzien eta beste hainbat erakunderen arteko lankidetza-proiektua da: Amurrio Bidean; Erandioko Udala – Behargintza; Iraurgi Lantzen (Iraurgi Berritzen); Leioako Udala – Behargintza; Goierriko Ekimena (Goieki); Laudioko Udalaren Garapen Agentzia; Beterri-Buruntza Mankomunitatea; Urola Garaiko Garapenerako Agentzia (UGgasa); Debabarrena garapenerako elkartea – Debabarreneko garapen ekonomikorako elkartea (Debegesa); Debagoieneko Mankomunitatea; Tolosaldea Garatzen; Behargintza Txorierri (Egaz Txorierri); Mungialdeko Behargintza; Urola Kosta Udal Elkartea eta Lanbide Ekimenak.

Gure eskualdearen kasuan, proiektu hau EGF 2021-2027 Programak kofinantziatzen du % 40an eta Debabarreneko eskualdeko Udalen finantziazioa jasotzen du % 60an.
Hazilan+ proiektuan 1.400 pertsonak hartuko dute parte. Hazilan+, Hazilan proiektuaren jarraipena da. 2016tik 2024ra bitartean gauzatu zen eta 2.100 parte-hartzaile baino gehiago izan zituen.