Gernika Palestina herri ekimenak deituta egin dituzte elkarretatzeok Euskal Herri osoan, eta Palestinako herria sufritzen ari den genozidioa salatu nahi izan dute.
Ekimena 2023ko urrian Euskal Herrian jaio zen Israel eta Palestinaren arteko gatazkan emandako gertaerek sortutako arduratik. "Israelgo estatuak palestinarren aurkako genozidio saiakera" salatu du Gernika Palestina herri ekimenak.
"Palestinako herriaren eta gizateriaren aurkako azken erasoen aurrean gure salaketa ozena adierazteko eta nahikoa dela esateko batu gara, eta hemendik, Euskal Herria deritzon munduaren txoko honetatik Palestinako herriari gure maitasuna eta babesa helarazteko. Haritzaren herritik olibondoaren herrira. Gernikaren herritik Gazako herrira", azaldu dute Gernika Palestina herri ekimeneko kideek.
Salatu dute, halaber, “jasanezina eta onartezina” dela “genozidio anker honek segundo bakar batez gehiagoz jarraitzea mundu osoaren begien aurrean”. “Ez dugu onartuko Palestinako herriaren errekonozimendua eta Israelen okupazioaren amaiera ez den beste soluziorik”, adierazi dute. Palestinaren aldeko borroka “justizia unibertsalaren aldeko borroka” dela aldarrikatu dute: “Gutako bakoitzaren eta gure seme-alaben etorkizuneko munduaren borroka da”.
Alderdi, sindikatu eta mugimendu sozialek adierazpen bat sinatu dute, nazioarteari Israelekin harreman komertzialak eta militarrak eteteko eskatuz, bakea lortzeko. Irakurri hemen ADIERAZPENA -PDF-