Hasiera batean, gaurtik (apirilak 7) aurrera itxita egon behar zuten edukiontzi marroiek Elgoibarren, eta txartel berria nahitaezkoa edukiontziok irekitzeko. Alabaina, herritarrek txartela jasotzeko egun gehiago izan ditzaten, biohondakinen edukiontziaren itxiera apirilaren 28ra arte atzeratzea erabaki du Debabarreneko Mankomunitateak. Gogora ekarri dutenez, funtsezkoa da herritarrek biohondakinen edukiontzia irekitzeko txartela izatea, horrek herritarren "parte-hartze aktiboa" sustatzen baitu hondakinak behar bezala bereizteko. Hori dela eta, luzatu egin dute txartelak jasotzeko epea, sistema berriarekin bat egin ez duten herritarrak batu daitezen, itxiera aktibatu aurretik.
Zapatura arte Aita Agirre Kulturgunean eskuratu zitezkeen txartel berriak, baina aurrerantzean Herritarren Arretarako Bulegoan (HAZ) eskuratu beharko dira.
Kirol taldeen babesa eta kolaborazioa
Eskualdeko hainbat kirol taldek eta elkartek bat egin dute Mankomunitatearekin sentsibilizazio kanpaina batekin, eta Sanlo EKT eta Elgoibarko Saskibaloi Taldea dira bat egin duten kirol taldeetako bi. "Birziklatzea garbi jokatzea da. Erabili txartel marroia " lelopean, birziklatze-tasa handitzeko helburuarekin ondu duten kanpainan parte hartzen ari dira. Sare sozialen bidez ari dira zabaltzen kanpaina hori (ikus hemen)