Zapatura arte segituko dute edukiontzi marroia zabaltzeko txartelak banatzen

Barren 2025ko api. 3a, 16:43

Edukiontzi marroiak zabaltzeko txartel berriak banatzen ari dira asteon Elgoibarren, etxeetan zein Aita Agirre Kulturgunean.

Posta bidez ari dira jasotzen txartela lehenagotik txartela zuten elgoibartarrak. Gainerakoei, berriz, gutun bidez ari dira jakinarazten Aita Agirre Kulturguneko sarreran zain dituztela txartelak, honako ordutegiarekin:

  • Asteartetik ostiralera: 10:00 - 14:00 eta 17:00 - 20:00
  • Larunbatean: 10:00 - 14:00

Zapatu arratsaldea baino lehen hartu behar dira txartelak. Astelehenean bertan itxita izango dira edukiontzi marraioak eta bakarrik txartel bidez zabaldu ahalko dira. Txartel berria edukiontziak izango duen aparailura gerturatu behar da, txartela bertikalki ipinita, eta, pare bat segundoz geldi eduki, harik eta argi berdea piztu arte. Orduantxe zabaldu ahal izango da edukiontzi marroia. 

Txartel birtualak

Etxe bakoitzeko txartel bakarra izango da. Baina, txartel birtualak eskuratzeko aukera ere badago. Horretarako honako pausoak segitu behar dira:

  • Txartel berriak duen QR kodea birritan eskaneatu.
  • Esaten duen aplikazioa jaitsi.
  • Aplikazioak nahi beste txartel birtual izateko aukera emango du.

Informazio gehiago nahi izanez gero, herritarren arreta bulegora gerturatu edo 629 031 252 telefonora dei daiteke.

Mendaron, maiatzean

Debabarreneko Mankomunitateak eskualdeko herri guztietan berreskuratuko du edukiontzi marroietan txartela erabiltzea. Eibarren martxoaren 24tik da derrigorrezkoa txartela erabiltzea, apirilaren 2an jarri zuten martxan Ermuan, eta apirilaren 7an sartuko da indarrean neurri berria Elgoibarren eta Soraluzen. Mendaron maiatzaren 12tik aurrera erabili beharko dute txartela, eta eguna gerturatu ahala emango dute azalpen gehiago.