Unai Zabalo txirrindulariak Espainiako Kopa Paralinpikoko proba bat irabazi du Murtzian

Barren 2025ko mar. 26a, 12:19

Txirrindularitza egokituko Espainiako Kopako hirugarren eta laugarren proba puntuagarriak jokatu zituzten asteburuan, Murtziako Ceuti herrian, eta bi probetan igo zen podiumera Unai Zabalo Murillo.

Bi proba jokatu zituzten Gestiona Vbiciobike Sariaren barruan; erlojuaren kontrakoa eta lineakoa. Espainiako Kopa Paralinpikoko hirugarren proba puntuagarria izan zen aurrenekoa eta laugarrena bigarrengoa.

Zapatuan jokatu zuten erlojuaren kontrakoa, eta 17,5 kilometroko ibilbidean lehiatu ziren txirrindulariak. Desgaitasunaren arabera kategoria ezberdinak daude eta Unai Zabalok jaiotzatik hankan duen arazoarengatik, MC4 kategoria dagokio. Bere kategoriakoen artean hirugarren postua lortu zuen, 29:13ko denborarekin. Julio Bermejo izan zen azkarrena (28:32) eta Pedro Sanchez-Migallon sailkatu zen bigarren postuan (28:34).

Domekan jokatu zuten lineako lasterketan erlojuaren aurka nabarmendu ziren hiru txirrindulariak izan ziren protagonistak berriro ere, MC4 kategorian. Ceuti herri barrutik eta inguruetatik igarotzen zen hiru kilometroko zirkuituari 11 itzuli eman ostean, hirurak ihes eginda ailegatu ziren helmugara. Esprint lehiatuan Zabalo izan zen azkarrena eta Sanchez-Migallon eta Bermejo sartu ziren bere atzetik helmugan.

 

Talde berriarekin debuta

Zabalok estreinakoz korritu du talde berria duenarekin, Neuroimpulse-Galicia (C.C. Riazor) taldearekin, eta ezin hobeto hasi du ibilbide berria. Eskerrak eman dizkio Galiziako taldeari elkarrekin ikasi eta hazteko aukera emateagatik, eta prestakuntzarekin lagundu dion Zurekin zentroa ere gogoan izan du denboraldia prestatzeko egin duten lanagatik, eta beti ondoan dituen familiako kide eta lagunei ere eman dizkie eskerrak. Denboraldia ilusio eta anbizio handiarekin hasi duela dio. 

 Espainiako Kopako hurrengo lasterketa apirilaren 6an jokatuko dute Camponarayan, Leonen. Gero, Espainiko txapelketa izango da Lugon (Galizia, Espainia) maiatzaren 23tik 25era; eta, Espainiko kopako azken proba Valentzian izango da, ekainaren 15ean.

Ikus hemen BARRENek iaz Unai Zabalori eginiko elkarrizketa

Unai Zabalo, taldekideekin. Goragoko argazkietan podiuemean eta Murtziako proban irabazitako garaikurrarekin.