Unai Zabalo: “Txirrindularitza egokituko Cofidis Promesas taldean sartzea da nire ametsa”

Barren 2024ko api. 14a, 11:32

Legazpiarra da sortzez Unai Zabalo Murillo, baina dio bere herrian baino jende gehiagok ezagutzen duela Elgoibarren, Garitaonaindia farmazian diharduelako lanean duela zortzi bat urtetik. Txirrindularia da, eta txirrindularitza egokituko probetan ari da lehiatzen, dismetria bat daukalako jaiotzetik ezkerreko hankan.

Iaz, Espainiako Txirrindularitza Federazioak talentu berriak erakartzeko topaketan parte hartu zuen eta txirrindularitzarako dohaiak badituela ikusita, jarraipen bat egiten ari zaizkio orain. Europako Paracycling Txapelketan bigarren egin zuen martxo hasieran Extremaduran (Espainia) eta domekan Espainiako Kopako lehenengo lasterketa jokatu zuen Ponferradan (Leon, Espainia). Bigarren sailkatu zen. Espainiako Kopako beste bi lasterketa eta Espainiako Txapelketa ditu orain begiz jota, eta eskertuko luke babesleren bat aurrera egiten jarraitzeko.

Noiztik zabiltza txirrindularitzan? 
Berandu hasitakoa naiz ni, umetan gehiago izan ginelako futbolean ibiltzekoak. Duela zazpi bat urte hasi ginen kuadrillako zenbait bizikletan, mendiko bizikletak erosita. Kuadrillan badugu lagun bat txirrindularitzan lehiatu dena, Julen Agirreburualde, eta hark erdi brometan sarri aurpegiratzen digu bera lasterketak jokatzen zebilenean sekula ez ginela joaten ikustera eta derrigorrean utzi beharra izan zuenean hasi ginela denok. Transplantea egin zioten Juleni eta utzi egin behar izan zuen, baina orain hasita dago gurekin berriz, eta azpimarratu nahiko nuke hori, sekulako meritua duelako. Halaxe hasi ginen gu, asko uste gabe, eta gustatu zitzaigunez erosi genuen gero errepideko bizikleta ere, bigarren eskukoa.

Txirrindularitza egokituan zabiltza, C4 kategorian.
Bai, desgaitasun bat daukat jaiotzetik. Ezkerreko hanka eskuinekoa baino hiru zentimetro laburragoa daukat, ez daukat orkatilarik eta hiru behatz falta ditut ezker oinean. Kaleko zapatila ortopedikoekin hasi nintzen ni bizikletan, baina gustua hartu nionean hasi nintzen galdezka ea non egin ote nitzakeen kaladun oinetakoak lagunen moduan ibiltzeko. Arnedon, Luck dendan, egokitu zizkidaten oinetakoak, eta erosi nuen bizikleta berria ere, hobea. Gero etorri zen aukera hau. Txirrindularitza egokituan C4 kategorian dihardut. C1etik C5era arteko mailak daude, desgaitasun maila handienetik txikienera.

Nola eman zenuen lehiaketarako pausoa?
Lagunek beti esaten zidaten animatzeko txirrindularitza egokituko lasterketaren baterako izena ematen, baina nik ez nien kasurik egiten, niretzat txirrindularitza lagunekin irtetea zelako eta haiei jarraitzeko gai izatea bera lorpentzat neukalako. Baina halako batean etorri zen bezero bat farmaziara eta hasi zitzaidan txirrindularitzaz hizketan. Amador Granados txirrindulari paralinpiko usurbildarra ezagutzen zuela esan zidan, Euskadiko Txirrindularitza Federazioan entrenatzaile ibilitakoa, eta eman zidan bere kontaktua. Deitu nion Granadosi eta hark proposatu zidan txirrindularitza egokituko lizentzia ateratzea eta lasterketaren baterako izena ematea. Kasu egin nion. Iaz, berriz, Espainiako Txirrindularitza Federazioak talentu berriak erakartzeko hiru eguneko topaketa antolatu zuen azaroan, eta haien desgaitasun parametroetan sartzen nintzela egiaztatu eta gero, izena eman nuen. 50 lagunek eman genuen izena eta hogei hautatu gintuzten haietatik. Sekulako sorpresa izan zen niretzat, ez nuelako inondik inora haien deirik espero. Hiru eguneko egonaldi bat egin nuen Espainiako selekzioarekin, egin zizkiguten FTP testa, laktato probak, indarra neurtzeko beste zenbait proba, bai eta proba psikologiko batzuk ere, eta egia esan, profesionalen pare zaindua sentitu nintzen. Espainiako selekzioaren barruan bada paralinpikoen talde bat Cofidis Promesas izenekoa eta aipatu ziguten han geundenotako batzuk beharbada izan genezakeela aukera talde horretan sartzeko. Gai ikusten bagintuzten, deituko zigutela agindu ziguten.

 


Eta iritsi zitzaizun dei hori.
Halakotan pentsatu gabe etxeratu nintzen ni egonaldi hartatik, hiru egun haietan gozatuta eta lasai, baina urtarrilean deitu egin zidaten. Oso argiak izan ziren nirekin. Esan zidaten oraindik ez neukala Cofidis Promesasen sartzeko besteko mailarik, baina ikusi zizkidatela gauza onen batzuk eta urtebeteko jarraipena egingo zidatela ikusteko urtebetean nola eboluzionatzen nuen. Eta proposatu zidaten Extremaduran jokatzekoa zen Europako Paracycling txapelketan parte hartzea. Ni sekula ez nintzen lehiatu aurrez, baina animatu ninduten lagunek eta etxekoek eta eman nuen izena. Julenek [Agirreburualde] eman zizkidan aholku batzuk ere, eskertzen dizkiodanak, eta haiek kontuan hartuta joan nintzen, bizikletako bere monoa hartuta.

Martxoaren 1etik 3ra jokatu zen txapelketa hori Extremaduran eta estreinakoa izateko ez zinen batere txarto ibili.
Ba ez. Ostiralean bilera tekniko bat izan genuen, zapatuan 80 kilometro inguruko lasterketa jokatu genuen Casar de Casarasen, eta domekan, erlojupekoa. C4 kategorian lehiatunintzen. Kategoria horretan, bi sail daude: batetik lehiatzen dira handbike eta trizikloak, eta bestetik, tandemak eta pistako edo errepideko txirrindulariak. Nire kategorian bederatzi txirrindulari lehiatu ginen eta bigarren egin nuen. Haize handia egin zigun kontra, baina han neuzkan laguna eta aita erreferentziak emateko. Julenek hirugarren nindoala esaten zidan eta kontzentratzeko, eta bien animoei esker lortu nuen nire lasterketa egitea. Iazko Espainiako txapelduna zihoan nire aurretik, baina erorikoa izan zuen hark, eta lepauztaia hautsita lasterketa utzi behar izan nuen. Igandean erlojupekoa jokatu genuen, Caceresen. Zirkuito bati hiru buelta eman behar izan genizkion, 22 bat kilometro guztira. Erlojupekotarako prestatutako bizikletarekin lehiatu ziren asko, baina nik bezperakoa erabili nuen, daukadan bakarra. Julen falta nuen orduan erreferentziak emateko, baina atzetik inork harrapatzen ez ninduela ikusita, gustura egin nuen. Hori bai, zer izango den estreinako aldia izatea! Hiru buelta beharrean lau eman nizkion zirkuitoari. Bigarren egin nuen.

Europako txirrindularitza egokituko lasterketa izan zen Extremadurako estreinakoa. Gero etorri da Espainiako Kopa, eta horren barruan, domekan Ponferradan jokatu zenuen lasterketa.
Bai. Espainiako Kopa hiru egunetan jokatuko da: igandean jokatu genuen lehenengo proba, Ponferradan, apirilak 20-21ean Murtzian izango da bigarrena, eta ekainaren 8-9an, A Coruñan. Eta Espainiako txapelketa maiatzaren 24tik 26ra jokatuko da, Murtzian, baina han lehiatzeko derrigorra da Euskadiko selekzioarekin edo talde batekin izena ematea, eta nik ez daukat talderik. Hori bai, Extremadurako proba jokatu ondoren jakin nuen bekak zeudela txirrindularitza egokituan ari garenontzako. Dena den, 2024rako beka eskuratzeko, 2023ko emaitzak hartzen dituzte kontuan, eta ni aurten hasi naiz. Kirolgira deituta jakin dut, baina, Espainiako Kopan sailkapen orokorrean lehenengo hiruren artean egingo banu, datorren urterako beka eskuratzeko aukera izango nukeela. Hori da orain asmoa, bereziki igandean besteen pare ibiltzeko gai naizela ziurtatu ostean. Izan ere, dirua da proba guztietara joatea, eta babesle eta halakorik gabe ari naiz ni. 

 

Domekan Ponferradan jokatu zuten Espainiako Kopako lasterketan

Babesle eske hasiko gara hortaz.
Eskertuko nuke laguntzaren bat, bai. Nire ametsa Cofidis Promesas talde horretan leku bat lortzea da, baina horretarako ere emaitzak behar ditut. Aipatu zidaten urtebetean jarraipena egingo zidatela, eta horregatik oso garrantzitsua zait orain jokatuko diren txapelketetan lehiatzea eta maila txukuna ematea.

Hasiberria izateko ez daukazu presio makala!
Bai. Kontua da nik ez nuela inondik inora espero maila honetan aritzea, baina emaitza onak lortzen ari naiz, eta badakizu, gehiago nahi orain! Tonto-tonto hasi nuen dena, eta orain hemen nago, elkarrizketa bat ematen, baina hala suertatu da dena eta aprobetxatu nahi nuke aukera hau.