Aitabitxi eta amabitxi ugari agertu dira museoko makinentzat

Barren 2025ko mar. 19a, 12:53

Aita-amabitxitu makina bat kanpaina berezia jarri zuen abian Makina Erremintaren Museoak, eta ari da oihartzuna izaten. Hainbat lagunek egin dute bat ekimenarekin, eta Elgoibarko Makina Erremintaren Historiazaleen elkartea izan da horietako bat.

Historiazaleen elkartekoek Ciaran eta Estartak fabrikatutako zutabeko zulagailua aukeratu dute aitabitxi izateko. Izan ere, norbanakoez gainera, taldeek eta enpresek ere badute makina erremintaren ondare historikoa babesteko aukera. Historiazaleek aukeratu duten makina 1915-1920 epekoa da, Elgoibarren bertan eginikoa. "Oso makina esanguratsua da eskualdeko industriaren historia eta garapenaren ikuspegitik", zehaztu dute Museoko arduradunek. 
Beste hainbat lagunek ere eman dute makina baten aita-amabitxi izateko pausoa. Ikus hemen aukeratu daitezkeen makinak, bakoitzari buruzko azalpenekin, eta nork babestuak dauden.