Elgoibartarren artean naturarekiko zaletasuna sustatu eta herriko nahiz inguruetako natura-ezagutza areagotzea da "Gure natura ezagutzen" egitasmoko sustatzaileen helburua, eta Zumaiako itsasbazterrak gertutik ezagutzeko irteera antolatu dute oraingoan. Goizean, marearteko fauna ezagutuko dute Algorri Zentroko adituen eskutik. Arratsaldean, berriz, Ibabe Urzelai eta Kizkitza Agirre elgoibartarrek inguruko geologia ezagutzeko azalpenak emango dizkiete. Trenez joango dira Zumaiaraino, eta horretarako 10:15ean elkartuko dira Elgoibarko tren geltokian. 18:00etako trenean itzuliko dira.
- Izena emateko, egin klik HEMEN
Duela bi urte batu zituzten indarrak herriko hiru eragilek, herritarrei gure natura ezagutzera emateko asmoz. Atxutxiamaika, Baso Biziak eta Morkaiko elkarteek hasi zuten bidea Udalaren eta hainbat herritarren laguntzaz, eta aurten hirugarren edizioa dute. Umeentzako zuhaitz landaketa batekin hasi zuten aurtengo egitaraua martxoaren 9an.