150 zuhaitz-landare landatuz hasi zuten atzo 'Gure Natura ezagutzen' ekimenaren hirugarren ekitaldia. Bertoko natura, fauna eta flora ezagutzeko hainbat ekitaldi prestatu dituzte Morkaiko Mendizale Elkarteak, Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika aisialdi sailak eta Elgoibarko Baso Biziak elkarteak eta umeentzako zuhaitz landaketa saioa izan da aurrenekoa.
Muskiritzuko magalean dagoen eta lagapen akordio bidez lortu duten lursail batean egin zuten landaketa. Fermin Lazkano da lurjabea eta hark eman zizkien boluntarioei lursailaren inguruko azalpenak, lanean hasi aurretik. Landaketak bukatutakoan, egindako lanaren ordainetan, mokadua banatuko zieten parte hartzaileei. "Giro ederra egon da gure artean, eta gainera Elgoibarko ingurua eta bertako fauna eta flora hobeto ezagutzeko aukera izan dute ekimenera batu diren familiek", azaldu dute antolatzaileek.
Geologia eta marearteko fauna ezagutzeko Zumaiara egingo duten irteera izango da Gure Natura Ezagutzen ekimeneko hurrengoa, martxoaren 30ean.