Garagardo azokan egin zuten elkartasun bingoan batu zituzten 213 euroak Gautena elkarteari eta Caritasi ematea erabaki dute. Asteburuan eman zieten batutako dirua, senior taldeek etxean jokatzen zutela probestuz.
Garaipenak senior taldeentzat
Sanloko bi talde nagusiek, Malapek eta Alcorta Forging Groupek, etxean jokatu dituzte liga txapelketako partidak eta biek lortu zituzten garaipenak. Alcortak gol bateko aldeaz irabazi zion Erromoko Eskubaloia taldeari, 25-24ko emaitzarekin. Javier Oregi izan zen golegile nagusia Alcortan, 6 gol sartuta. Asier Urain eta Ibon Larios ere nabarmendu ziren, launa gol sartuta. Sailkapenari erreparatuta, hirugarren postuan dago Alcorta, 31 punturekin. Saizar Usurbil (36 puntu) eta Txikipolit Zarautz (38 puntu) ditu aurretik. Lau jardunaldi falta dira liga txapelketa bukatzeko.
Alcortak moduan, Malape Taberna taldeak ere Olaizagan jokatu zuen Euskadiko txapelketako partida, zapatuan. Elgoibartarrek Dreyky DJ san Adrian Bilboko taldea izan zuten aurkari, eta 25-22ko emaitzarekin gailendu zen etxeko taldea. Malapen Nahia Urbiola (5 gol) eta Garazi Arriola eta Ane Arregi -bakoitzak lau gol sartuta- nabarmendu ziren erasoko jokoan. Sailkapenean hirugarren postuan dago Sanloko taldea, 24 punturekin. Hori bai, partida bat gutxiago jokatu dute, bertan behera gelditu baitzen liderraren aurka, Urdaneta taldearen aurka, Loiun jokatu behar zuten partida, eguraldiaren eraginez. Urdanetak 32 puntu ditu eta 30 puntu bigarren postuan dagoen Ereintza Bitek taldeak. Malaperi bost partida geratzen zaizkio jokatzeko.
Lurraldeko senior mailako bigarren mailan jokatzen duen Pizzeria Salento taldeak ere garaipena eskuratu zuen azken jardunaldian. Elgoibartarrek 22-30 irbazi zioten Bera-Berari Donostian jokatutako partida. Sanloko taldea hirugarren postuan dago orain sailkapenean, 14 punturekin. Lau gehiago ditu Bayola Autoak Pulpo Zumaiako taldeak eta 20 punturekin lidergoan dago Munttarpe Iriarte-Enea taldea.