Binakako Txapelketa Nagusiko pilota partida jokatuko dute domekan Elgoibarren

Barren 2025ko mar. 12a, 14:57

Iaz Elgoibarren jokatu zuten Master Cup txapelketako irudia. BARREN

Hamasei pilotari ari dira parte hartzen ia bost hilabete iraungo duen emakumeen Binakako Txapelketa Nagusian, eta Elgoibarren itxiko dute ligaxka, domekan. Hortaz, iaz moduan, puntako pilotariak ikusteko aukera izango da Ikastolako frontoian.

Bi partida jokatuko dituzte Elgoibarko pilota jaialdian. Hasteko, promesa mailako pilotariak kantxaratuko dira: June Urrutikoetxeak eta Amaia Zarrabeitiak osatutako bikoteak, Edurne Carreterok eta Petra Rodriguezek osatutakoaren aurka jokatuko du, 12:00etatik aurrera. 

Ligaxkako lehen postua jokoan

Emakume Master Cupeko zirkuituko prestigiorik goreneko txapelketako partida izango da jaialdiko bigarrengoa. Urrezko Ligaxkako norgehiagoka jokatuko dute bi bikoteek, Arratza eta Gamindek Ibarrolaren eta Osesen aurka. Urrezko Ligaxkako lehen postuan amaitzeko aukera dute bi bikoteek, eta finalera arteko bidea erosoagoa izatea ekar lezake lehen postu horrek, teorian. Aizane Ibarrolak eta Goiuri Zabaletak eskura dute ligaxka aurreneko postuan amaitzea, Urrezko Ligaxkan bi partidak irabazi dituzten bikote bakarrak direlako. 22 tantora iritsiz gero, ligaxkako garaile izango dira, eta, printzipioz, finalerdietarako bide errazena izango lukete. Mirian Arraiza eta Enara Gamindek, berriz, partida bat irabazi eta bestea galdu dute, beraz, garaipena behar dute lehen postua lortzeko. Galduz gero, hiru bikotek puntu bakarra izango lukete, eta kasu horretan, tantoen aldea kontuan hartuko lukete finalerdietako gurutzaketak erabakitzeko.

Iaz ere jokatu zituzten Elgoibarren Emakume Master Cup txapelketako partidak, finalerdiak zehazki, eta jendez beteta egon ziren harmailak.

Finalerako bidea

Duela gutxi utopia bat zirudien arren, emakumeen esku pilotak lortu du urte guztia iraungo duen lehiaketa egutegi trinko bat osatzea, eta Lau eta Erdiko arrakastatsu baten ostean, urteko txapelketarik luzeena den Binakako Txapelketa Nagusia lehiatzen dihardute orain. Abenduaren 26an Etxebarrin hasi zuten txapelketa apirilaren 6an Oiartzungo Madalendosoro pilotalekuan jokatuko duten finalarekin amaituko dute. Lau eta Erdikoan gertatu zen bezala, pilota goxoaren etapa amaituta, txapelketa honetako partida guztiak pilota mistoarekin jokatzen ari dira, jokoari "aparteko abiadura eta ikusgarritasuna" emateko, antolatzaileen berbetan. 

Mailarik gorenean 16 pilotari ari dira lehiatzen, lau bikoteko bi multzoan banatuta lehen fase batean, eta talde bakoitzeko bi bikoterik onenek bigarren ligaxka baterako txartela eskuratuko dute. Bigarren ligaxka honetan finalerdietarako gurutzaketak erabakiko dira, hau da, lehenek laugarrenen aurka eta bigarrenek hirugarrenen aurka jokatuko dute. Finalerdiak Laudion jokatuko dituzte, martxoaren 23an.