Danobatgroupek fakturazio marka ondu du bigarren urtez jarraian, 344 milioi euro fakturatuta

Barren 2025ko mar. 12a, 12:28

Nerea Aranguren, Danobatgroupeko zuzendari nagusia.

Iazko balantzea eta datozen urteetako bide orria markatuko duten ildo estrategiko nagusiak aurkeztu zituen martitzen goizean Nerea Aranguren Danobatgroupeko zuzendari nagusiak Elgoibarren, Danobat kooperatiban kazetarientzako egindako gosari formatuko aurkezpenean, eta esan zuen 2024a urte historikoa izan zela berriro Danobatgroupentzat, 2023ko fakturazio errekorra ontzea lortu zuelako. 

2023an baino %2 gehiago fakturatu zuten iaz, 337 milioi euro guztira, eta esportazioen zifrak %90etik gora mantendu zituzten, Danobat eta Soraluce atzerriko merkataritzako marka nagusiak izanda.

Ildo beretik, 2025erako egin dituzten aurreikuspenak ere onak direla zehaztu zuen, "eskaera zorro sendoa eta proiektu interesgarriak" dituztelako esku artean, baina nabarmendu zuen ziurgabetasunez beteriko merkatuari adi egotea tokatzen dela.

Igoera espero dute 2025erako, baina gehienez ere %5ekoa. Horren harira lau  eragin-eremu dituztela zehaztu zuen: Berrikuntza teknologikoa, gero eta zorrotzagoak diren proiektuen erronkei aurre egiteko; zerbitzazioa; bezeroari gero eta zerbitzu azkarragoa eta pertsonalagoa emateko; dibertsifikazioa, etengabe aldatzen ari den merkatuaren eskaeretara egokitzeko; eta nazioartekotzea. Danobat kooperatibaren ekoizpen planta bisitatu aurretik eman zituen azalpenak.

Danobatgroupek Mekolalden (Bergaran) daukan Soraluce S. Coop. lantegiko irudia.

Mondragon Korporazioko kide da Danobatgroup, eta makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren sektorean erreferentea nazioartean. Danobat, Soraluce eta Goimek dira bere enpresa nagusiak, nahiz badituen beste bazkide industrial eta teknologiko batzuk inguruan (Endity, Savvy, Novak eta Ideko), eta kanpoko merkatuetara zabaltzeko bokazioa du ezaugarri nagusietako bat, bezeroari soluzio integralak eta neurrirakoak eskaintzearekin batera. Datutan: 1.459 langileko taldea da (horietatik %15 emakumeak), iaz, 337 milioi euroko fakturazioa izan zuena eta sortzen duenaren %90 kanpora saltzen duena.

Xehe-xehe eman zuen Arangurenek Danobatgroupen merkatu datuen berri. Iazko datuei erreparatuta esan zuen Estatu Batuetan (%15,4), Frantzian  (%5) eta Italian (%7,9) hazi egin zela Danobatgroupen presentzia, eta aldiz, Alemanian (%8,5)  eta Txinan (%5,8)  apaldu, lurralde horietako testuinguru ekonomikoaren eta politikoaren eraginez. "Makina erreminta da lehenengo adierazlea ikusteko merkatua nola dagoen eta Alemanian egoera ez da ona", zehaztu zuen. Makina-erremintaren industrien interes komunak ordezkatzen dituen CECIMO Europako elkarteak emandako sektorearen behin-behineko datuek ere hori erakusten dute:  produkzioaren %7,5eko jaitsiera Europan.

Trumpen muga-zergen mehatxua

Estatu Batuak aipatzearekin batera etorri zen kazetarien galdera: Danobatgroupek esportatzen duenaren %15 AEBetara esportatzen duela aintzat hartuta, beldurrik ba ote duten lehiakortasunaren erronkaren harira Donald Trump AEBetako presidenteak iragarri dituen muga-zergek izan dezaketen eraginagatik. Mehatxu horren aurrean momentuan lasai daudela esan zuen Arangurenek, baina beharrezko ikusten duela Europan neurriak hartzea hemengo enpresen garapena babesteko.

Sektore aeroespaziala, hazten

Salmentei dagokionez, eta sektoreka aztertuta, alor aeroespazialean izan zuen igoera handiena (%29,9) taldeak iaz, baina oraindik ere ekipo ondasunen eta ingeniaritza orokorraren sektorea da Danobatgroupen sektore nagusia (%35,2). Nolanahi ere, beste sektore batzuetan ere izan zuen presentzia 2024an: trengintzan (%5,2), energian (%7,4) eta automobilgintzan (56,6). Berritzen jarraitzea du erronka nagusia taldeak, eta zentzu horretan aipagarria da diru sarreren %9 baino gehiago inbertitu zuela Danobatgroupek I+G+B Ikerkuntza, Garapena eta Berrikuntza arloan. Berrikuntza teknologikoaren alde egindako apustuan azpimarragarria da IDEKOren jarduna. Industri fabrikazio eta produkziorako teknologietan espezializatutako zentro teknologikoa da Ideko, Danobatgroupen partner teknologikoa.  Aukerak identifikatzea eta aztertzea, produktu, negozio-lerro eta produkzio prozesuak diseinatzea eta garatzea, arazoak konpontzea, eta aholkularitza teknikoa ematea dira Idekoren egitekoak, eta bera da Danobatgroupen "berrikuntzarako motorra".

80 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa

2024an bukatu zuen Danobatgroupek azken plan estrategikoaren lau urteko inbertsio zikloa (2021-2024), eta tarte horretan 80 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin zuen taldeak, Danobat, Soraluce eta Goimek enpresetako azpiegiturak eta beste hobetzen. Inbertsio estrategiko horiei esker, gaur egun 52.000 metro koadroko espazioa dauka taldeak EAEn, fabrikatzeko. Gure inguru gertuan ditu lantegiak Danobatgroupek, Osintxun, Bergaran, Itziarren eta Elgoibarren; abangoardiako instalazioak dira denak, azken belaunaldiko teknologia eta ekipoz hornitutakoak, eta eraginkortasun energetikoko neurriak ezarrita dituztenak. Dena behar dute gaur enpresek egoera geopolitikoengatik gero eta ziurgabeagoa den merkatuak planteatzen dituen erronkei aurre egiteko, baina egin dituzten inbertsio estrategikoei esker, "posizio ezin hobean" daudela zehaztu zuen Danobatgroupeko zuzendari nagusiak. 

2025ean, lau urteko plan estrategiko berriari ekin dio Danobat taldeak, eta Arangurenek aurreratu zuen lau ardatz nagusitan egingo dutela lan (berrikuntza teknologikoa, zerbitzazioa, dibertsifikazioa eta nazioartekotzea), beti ere adimen artifiziala, jasangarritasuna eta talentua erakartzea zehar-lerro dituztela. Horren harira zehaztu zuen kooperatiben balioekiko zintzo jokatuta egin nahi dutela aurrera. "Talde kooperatiboa gara eta, beraz, ez dugu alde batera utzi behar gure helburua kalitatezko enplegua sortzea eta gure ingurunearen garapen ekonomiko eta soziala bultzatzea dela oraindik ere. Uste dugu ezarritako ildo estrategikoekin hazten, berritzen eta merkatu globalean dugun posizioa sendotzen jarraitu ahal izango dugula, aldi berean, Euskadin kalitatezko enplegu kooperatiboa sortzen eta euskal gizarteari balioa ematen jarraituta".

 

Beharginak Danobaten lantegian. Arg: Danobatgroup.