Kazetaritza ikasten hasiko zara datorren ikasturtean, baina zuk aktore izan nahi duzu eta hasia zara dagoeneko telebista munduan lekua egiten. Sare Sozialak horretarako tranpolin moduan ikusten dituzu?
Bai, dudarik gabe; haietan egin naiz ezagun, eta Goazen telesailekoek, adibidez, sare sozialen bitartez kontaktatu dute nirekin. Goazen-ekoei ere interesatzen zaizkie ikusleak, eta jakin badakite telesailean agertuko banintz nire jarraitzaile askok ikusiko luketela telesaila. Produktoreentzat inportantea da jarraitzaileak edukitzea. Oso mundu konplikatua da hau, eta dena behar da ateak zabaltzeko. Hasi naiz muturra sartzen telebistako hainbat programatan, baina zaila da lekua egitea. Orain dela lau urte hasi nintzen antzerkigintzan, eta dantzan ere urte asko daramatzat. Goazen telesaileko casting-ak egin izan ditut, eta beste proba batzuetan ere hartu izan dut parte. Aktore izan nahi dut, baina bitartean kazetaritza ikasten hasiko naiz.
26.000 jarraitzaile dituzu TikTok sare sozialean. Ardurarik sentitzen al duzu?
Ez nuke esango influencerra naizenik, baina ardura apur bat badaukat, bai, eta badakit sortzen dudan edukia zaindu egin behar dudala. Jende askok ikusten nau eta ezin dut edozer argitaratu. Uste nuenak baino jende gehiagok ezagutzen nau kalean ere. Gabonen bueltan Azpeitira joan nintzen parrandan lagunekin, eta autobusetik jaitsi orduko hasi zitzaidan jendea argazki eske. Gaua amaitzerako 150 bat argazki aterako nituen! Nire lagunek ere esan zidaten ezinezkoa zela nirekin parrandan lasai ibiltzea. Batzuek irratian entzun nindutela esaten zidaten, baina gehienek TikTok-etik ezagutzen ninduten, eta askok eskerrak eman zizkidaten bideoak euskaraz sortzeagatik.
Euskarazko Eduki Sortzaileen Gidan sartu zaituzte orain. Hasieratik egin zenuen euskaraz sortzeko hautua?
Hasieran Youtuberra izan nahi nuen eta, han ikusten nituen bideoak gaztelaniaz zirenez, nik ere izan nuen garai bat gaztelaniaz sortzen nuena. Oso umea nintzen, eta nire bideoek ez zeukaten arrakastarik. Baina gero konturatu nintzen hura ez nintzela ni. Ni oso euskalduna naiz, eta gustatzen zait gainera euskalduna izatea: euskal folklorea, euskal kultura... Nire identitatea eraiki nuen, eta euskaraz bizi nintzenez, bideoak ere euskaraz sortu behar nituela pentsatu nuen. Give me my money eslogana trending topic edo boladako gaia egin zen Estatu Batuetan eta nik euskaraz egin nuen. Arrebarekin sortu nuen bideoa eta konturatu nintzen arrakasta izan zuela.
Arreba aipatu duzu. Zure arrakastatik zenbat zor diozula uste duzu?
Asko! Arrebak eta biok sortzen dugun edukia oso erakargarria da, eta nire jarraitzaileak arrebaren jarraitzaile ere badira. Nik bakarrik edo berak bakarrik ez genuke lortuko bion artean daukagun arrakasta. Ni bakarka hasi nintzen, eta egia da lortu nituela jarraitzaileak eta orduan deitu zidatela Goazen telesailetik ere, baina arrebarekin hasi nintzenean jarraitzaile kopurua izugarri handitu zen. Oso harreman polita daukagu eta bideoetan hori erakusten dugu. Bideo batzuk aurretik prestatzen ditut, baina askotan kamera piztu eta irteten zaiguna grabatzen dut; asko inprobisatzen dugu. Ez bada ezer irteten, egun horretan ez dut ezer publikatzen. Bideo dinamikoak gustatzen zaizkit, arinak, freskoak... Sortzen dudana ikusten dudanean, barre egiten dut neuk ere. Esango nuke ikustea gustatzen zaidana sortzen dudala. TikTok sare sozialari ere gustatu egin behar zaio, bestela ez dio jendeari erakusten. Batzuek badakit zuzenean bilatzen dutela nire kanala, baina beste askori agertu egiten zaizkie nire bideoak, eta horretarako erakargarria iruditu behar zaio TikToki. Dena neurtzen du
TikTok-ek, eta badaki zeinek ikusi duen bideoa amaieraraino ere. Zenbat eta gehiago ikusi, orduan eta gehiago erakusten dizkizu. Une honetan nire jarraitzaileen %40 inguru sartzen da zuzenean nire kanalean eta beste %60ri agertu egiten zaizkio nire bideoak.
Kontatuko diguzu anekdotaren bat?
Egunero bideo bat igotzeko ohitura neukan, baina egun baten ez zitzaidan ezer bururatzen. 21:00ak ziren, eta ez nuen ezer publikatu. Goazen-eko casting-ean parte hartuta nengoen ordurako, eta telesaileko gidoiak nituen. Bururatu zitzaidan broma bat publikatzea esanez Goazen-eko gidoiak filtratuko nituela! Sekulakoa izan zen, Goazen-ekoak ere jarraitzen hasi zitzaizkidan, eta BECen egin zuten estreinaldira gonbidatu ninduten. Haiekin pasatu nuen eguna Barakaldon, eta gero, Donostiako Antzoki Zaharreko kontzertura ere gonbidatu ninduten.
Goazen-eko managerrarekin harreman ona daukat. Gustatuko litzaidake Goazen-eko aktore izatea, adibidez.