Duela hiru jardunaldi hasitako bolada onean jarraitzen dute Sanloko senior mailako taldeek. Senior emakumezkoen taldeak, Malapek, 30-28 irabazi zion Urdaibai Bilboats taldeari Olaizagan jokatutako partida parekatuan. Garaipen honekin Malapek aurrea hartu dio sailkapenean Urdaibairi. Elgoibartarrak daude orain hirugarren postuan (22 puntu) eta bizkaitarrak laugarrengoan (20 puntu). Lider dagoen Urdanetak 30 puntu ditu eta 28 puntu bigarrengoak, Ereintza Bitek taldeak.
Alcorta Forging Groupek, berriz, balio handiko garaipena lortu zuen Donostian, Saieko taldeari 27-34 irabazita. Alcortak ere postu bat aurreratu du sailkapenean. Liga bukatzeko zazpi partidaren faltan, laugarren postuan daude orain, 26 punturekin. Puntu bat gehiago du Muskizek eta, 4 eta 7 puntura daude Txikipolit Zarautz liderra eta bigarren dagoen Saizar Usurbil. Alcortak etxean jokatuko du 20. jardunaldiari dagokion neurketa, zapatuan, 18:00etan, Corazonistas Vitoria taldearen aurka.
Azkenik, Lurraldeko bigarren mailan diharduen Salento Pizzeria taldeak garaipen argia eskuratu zuen etxean, Urola taldeari 37-23 irabazita.
- Ikus Sanloko taldeek asteburuan jokatuko dituzten partiden egutegia, eta aurreko jardunaldiko emaitzak