Bolada onean jarraitzen dute Sanloko senior taldeek

Barren 2025ko ots. 19a, 13:01

Malape taldeko jokalaria jaurtiketa bat egiteko unean. Arg: Jabi Leon

Sanlo eskubaloi taldeko senior mailako hiru taldeek irabazi zituzten euren partidak joan den asteburuan, bigarren aldiz jarrian, aurreko asteburuan ere hiru taldeek lortu baitzituzten garaipenak. 

Azken jardunaldiari dagokionez, Euskal Ligan diharduen Malape taldeak 26-28 irabazi zion Zuazori, Barakaldoko Lasesarre kiroldegian jokatu zuten neurketan. 15 jardunaldiren ostean, sailkapeneko laugarren postuan daude 18 punturekin, Urdaneta liderrarengandik 10 puntura. Zapatuan hirugarren sailkatuaren aurka, Urdaibai Bilboats taldearen, jokatuko dute Olaizagan (18:00). Bizkaitarrek bi puntu gehiago dituzte sailkapenean.

Senior gizonezkoen Alcorta F.G. taldeak garaipen argia lortu zuen joan den zapatuan Olaizaga kiroldegian jokatutako partidan, 35-20 hartu zuten mendean Tolosa. Liga bukatzeko zortzi partidaren faltan, sailkapeneko 5. postuan dago Alcorta, 24 punturekin. Puntu bat gehiago dute Muskizek eta Urdanetak, eta 5 eta 8 puntura daude Zarautz liderra eta bigarren dagoen Usurbil.

Lurraldeko bigarren mailan jokatzen duen Pizerria Salento taldeak ere garaipenak eskuratu ditu azken bi jardunaldietan, azkena Zumaian, Pulpo taldearen aurka (26-29). Liga tituloa irabazteko lehian ari diren taldeen multzoan dago Pizzeria Salento, beste zazpi talderekin batera. Zortzi jardunaldi jokatu eta gero, laugarren postuan daude, 8 punturekin. Munttarpe Iriarte-Enea taldea dago lehen postuan, 14 punturekin. Elgoibartarrek azken sailkatuaren bisita jasoko dute asteburuan. Urola taldearen aurka jokatuko dute domekan, 13:00etan, Olaizaga kiroldegian.

Sanloko taldeek asteburuan jokatuko dituzten partiden ordutegia, eta emaitzak HEMEN