'Gure Mauriziak' ekimena sortu dute Elgoibarren, herriko emakume pandero-joleak omentzeko

Barren 2025ko ots. 25a, 15:39

Juliana Zubizarreta panderojole

Gizonezkoek okupatzen zuten plazara salto egiten ausartu ziren emakume pandero-joleak omenduko dituzte Elgoibarren martxoaren 11n, herriko hainbat eragilek elkarlanean antolatu duten Gure Mauriziak! ekimenean. 

Ekimenaren sustatzaileek jakitera eman dutenez, trikitia gizonezkoen mundua zen duela ez hainbeste urtera arte. Plaza publikoa gizonezkoena zen, eta emakumea, egotekotan, gizonari laguntzeko zegoen. Plazan ziharduten emakumeak gaizki ikusita zeuden, "fama txarra zuten", baina, hala ere, plazara irteten ziren. Maurizia Aldeiturriaga Zabala (Zeberio, 1904-1988) da, beharbada, ezagunena Euskal Herrian, baina beste Maurizia asko ere izan ziren. Ekimenaren sustatzaileak Elgoibarko Maurizien bila jardun dira eta lau topatu dituzte:

  • Pantxika Zubizarreta Gurrutxaga (1888–1964)
  • Juliana Esnaola Arakistain (1892-1974)
  • Martzelina Zubizarreta Gurrutxaga (1892–1991)
  • Juliana Zubizarreta Gurrutxaga (1910–2006)

Kalejira, Aire! dokumentala eta omenaldia

Elgoibarko Izarra, Elgoibarko Udala, Inazio Bereziartua Dantza eta Musika Eskola, Ongarri zine-kluba, Haritz Euskal Dantzari Taldea eta Badihadugu elkartea dira ekimenaren sustatzaileak, eta martxoaren 11n, 18:30ean, Kalegoen plazan elkartzeko deia egin dute. Izan ere, plazatik Herriko Antzokira arteko kalejira antolatu dute trikitia eta panderoa jo(tzen) duten herriko emakumeekin. Kalejiran parte hartu nahi dutenei aurrez jakinarazteko eskatu diete eta bi bide zabaldu dituzte horretarako: Posta elektronikoa (elgoibarmusika@gmail.com) eta telefonoa (628 929 055. Imanol). 
Herriko Antzokian egingo dute Gure Mauriziak! jaia eta aurreratu dute trikitia, kantua, dantza, omenaldia eta Aire! dokumentala izango dituela osagaiak

Gure Mauriziak! ekimena iragartzeko kartela.