Gazte mailako Euskadiko Atletismo Txapelketa jokatu zuten otsailaren 22an, Donostiako Belodomoan. 16, 18 eta 20 urtez azpiko atletak lehiatu ziren, eta Elgoibarko esprinterrak txapelketako lasterketa azkarrenean lortu zuen saria, 60 metroetan, 20 urtez azpikoen mailan.
Partaideak hiru finalaurrekotan lehiatu ziren lehenik, eta Agirregomezkorta horietako bat irabazita sailkatu zen finalerako, hiru serietako markarik onenarekin: 7 segundu eta 78 ehuneko. Finalean oso antzerako denbora egin zuen Mintxetako ordezkariak eta berak irabazi zuen urrea, 07:79ko denborarekin. Halere, ez zuen bere marka pertsonala ondu: 07.72. Ostadar taldeko Iraia Alkorta izan zen txapeldunorde (07.87) eta Hiru-Herri taldeko Laura Vicente igo zen podiumeko hirugarren koskara, bigarrenaren denbora berdina egin arren, foto-finishak hala erabakita.
Euskadiko txapeldunorde, maila absolutuan
Proba berean Gipuzkoako txapelduna ere bada Agirregomezkorta. Gazte mailako Gipuzkoako txapelketa ere Donostiako Belodromoan jokatu zuten, otsailaren 8an. Hortaz, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelduna da une honetan. Agirregomezkorta maila absolutuko pista estaliko Euskadiko Txapelketan ere lehiatu zen, urtarrilaren 25ean eta 26an Anoetako Belodromoan jokatu zuten txapelketan, eta txapeldunorde izan zen 60 metroko proban, 07.76ko denborarekin. C.D. Eibar taldeko Elene Arrazola Amianok irabazi zuen titulua, 07.70eko denborarekin.
Euskadiko txapelketan lortutako emaitzari esker, Agirregomezkorta gazte mailako pista estaliko Espainiako txapelketa jokatzeko sailkatu da. Martxoaren 8an jokatuko dute Salamancan.
Lotura duten albisteak: