Gipuzkoako banakako eta kluben arteko Atletismo Txapelketa Absolutua jokatu zuten, zapatuan, Donostiako Anoeta miniestadioan, eta 100 metroko lasterketan emaitza bikaina lortu zuen Ane Agirregomezkorta Garcia (Elgoibar, 2007) atletak. Mintxeta Atletismo Taldeko ordezkariak hirugarren postua lortu zuen emakumezkoen 100 metro proban.
Lurraldeko esprinterrik onenak batu ziren Anoetan, eta hamahiru finalerdietan lehiatu ziren 100 metroko proban parte hartu zuten 77 antxitxikariak. Zortzi denborarik onenak egin zituztenak sailkatu ziren finalerako eta horietako bat izan zen Agirregomezkorta. Finalean, Txindoki Atletismo Taldeko bi kide izan ziren azkarrenak. Ainhoa Renpan Agirrek eskuratu zuen lehen postua (12.16), Maren Higuero Larreategik (12.30) bigarrengoa eta Ane Agiregomezkorta sailkatu zen hirugarren postuan (12.45). Agirregomezkortak bere marka pertsonala (12.41) ondu eta uztailean jokatuko duten Espainiako Txapelketan parte hartzeko gutxieneko marka [12.35ekoa da 18 urtez azpikoen kategorian] lortu nahi zuen arren, pista bustian egin zuten korrika eta ez ziren denborak ontzeko baldintza onenak.
Duna Santos Otegi (Mintxeta A.T.) elgoibartarra ere lehiatu zen 100 metrokoan, baina ez zen finalerako sailkatu, bere seriean bigarren postua eskuratu zuen arren.