Joan den urrian jokatu behar zuten 2024ko emakumezkoen Euskadiko Ehiza Xehe Txapelketa, gizonezkoenarekin batera, baina Emakumezkoen Espainiako Ehiza Xehe Txapelketa ere egun berean zela-eta, Euskadiko Ehiza Federazioak otsailera arte atzeratu zuen emakume ehiztarien arteko lehia; eta, atzo jokatu zuten. Ohi moduan, Zanbranako “El Castillo” ehiza barrutian egin zuten txapelketa, Araban.
Egaña Lur izeneko txakurrarekin lehiatu zen, lau urteko Setter Ingles arrazako txakurrarekin, eta bost eper ehizatu zituzten bien artean, inork baino gehiago. Anuska Bretaña sailkatu zen bigarren postuan, bi eper eta galeper bat ehizatuta, Uxue Olave sailkatu zen hirugarren postuan, bi eperrekin eta Ainhoa Toledorentzat izan zen laugarren postua, eper bat eta galeper bat ehizatuta. Garaipen honi esker Espainiako Ehiza Xehe Txapelketa jokatzeko sailkatu da ehiztari elgoibartarra. Urrian jokatuko dute.
Seigarren txapela
Egañak zazpi alditan hartu du parte Euskadiko txapelketan eta seitan irabazi du (2017, 2018, 2019, 2021, 2022, eta 2024). 2023koan bakarrik gelditu zen irabazlearen txapela jantzi gabe. 2020. urtekoa ez zuten jokatu, pandemiagatik. Azken urteetan Arkaitz eta Leire neba-arrebak dira Euskadiko Txapelketako dominatzaile nagusiak.