Euskadiko Ikasleen Orkestrarako hautatu dute Nahia Olivares biolin-jotzaile elgoibartarra

Barren 2025ko ots. 21a, 12:14

Nahia Olivares.

Euskadiko Ikasleen Orkestran (EIO) parte hartzeko hautatu dute berriro ere Nahia Olivares, 14 urteko ikaslea.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sustatutako proiektu entzutetsua da Euskadiko Ikasleen Orkestra eta duela bi urte ere hautatu zuten Olivares, Inazio Bereziartua eskolako ikaslea zenean. Orain Durangoko Bartolome Ertzilla Kontserbatorioko ikaslea da elgoibartarra. Euskadi osoko musikari gazteek hartu zuten parte joan den otsailaren 9an Donostiako kontserbatorioan egin zituzten hautaketa probetan, eta Nahia Olivares izan zen Euskadiko Ikasleen Orkestrarako hautatuetako bat. Lehen biolinen sailean lortu du postua Olivaresek. Durangoko Udalak ere zoriondu du bere "ahalegina, dedikazioa eta talentua" aitortuz; eta, meritu bikoitza duela nabarmendu du, orkestrako kide gazteenetarikoa izateagatik, 15 eta 19 urte bitartekoak baitira ikasle gehienak; eta, lehen biolinen sailean onartu izanagatik, "eskakizun tekniko eta musikal handiko postuan". 

Orkestrarako hautatutako musikariak apirilaren 19tik 25era elkartuko dira, Unai Urrecho maisuak zuzenduko duen topaketan, eta errepertorio zorrotza landuko dute, Sibelius, Marquez, Tchaikovski eta Borudinen obrak, besteak beste. EIOk kontzertuak emango baititu apirilaren 23an, 24an eta 25ean, Bilbon, Gasteizen eta Donostian, hurrenez hurren.

EIOko ikasleek Euskadiko Orkestrako musikariekin batera jotzeko aukera izango dute gainera, eta hori esperientzia aberasgarria eta paregabea izango da musikan profesionalki aritzea amesten duten interprete gazteentzat.