Eusko Jaurlaritza STEAM Hezkuntza (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics) ezartzea sustatzen ari da azken urteetan, ikasleen gaitasun zientifiko-teknologikoa hobetzeko, batez ere gazteenena eta emakumeena, eta bide beretik ari da Elhuyar erakundea ere, gazteei zuzendutako Bizilabe programaren bidez. Programa hori 2019an ailegatu zen Elgoibarrera eta ordutik elkarlanean aritu dira Bizilabeko arduradunak eta Elgoibarko Udalekoak. STEM esparruan hezkuntza eta komunitate zientifikoaren artean lotura bat sortzea izan da euren zeregin nagusietakoa; eta, horretarako, STEM diziplinetan diharduten Elgoibarko emakume beharginengana jo zuten, euren esperientzia eta eskarmentuaren transmisioa egin ziezaieten gazteei. "Emakume guzti horiek erreferenteak dira sektorean dauden neskentzat eta emakumeentzat, eta hobeto ulertarazten diete zein den emakumeak zientziaren eta teknologiaren esparruan duen zeregina", azaldu dute.
Urteotan egindako lana eskertu nahi izan diete gaur egin duten Gu Herriko Stem Emakumeak izeneko omenaldi ekitaldiarekin. 39 emakume zeuden omenaldian parte hartzera deituta, baina 20 igo dira Herriko Antzokiko eszenatokira omenaldia jasotzera. Bizilabeko komunitatea osatzen duten tokiko enpresetako ordezkarien eskutik jaso dute oroigarria, pin bat. DanobatGroup, Alcorta Forging Group, Berkoa Machine Tools, Elhuyar eta IMH Campus dira egitasmoko babesle nagusiak.
Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagaren solasaldiarekin hasi da aitortza ekitaldia eta Bizilaben egiten duten lanaren laburpen bideo bat ikusi dute gero antzokiko pantaila handian. Emanaldiaren ostean, Elhuyarreko Aitziber Lasak hartu du hitza 2019tik gaur arte egin dutena gogora ekartzeko.
Ondoren, Lorea Arakistainek gidatu duen solasaldian hartu dute parte Leire Garate Rodrigok eta Amaia Gabilondo Peñalbak. Diseinua eta produktuen garapenerako ingeniaría da Garate Danobatgroup taldean eta ingeniari mekaniko moduan egiten du lan Gabilondok Etxetarren. Euren lanetako bizipenez eta Bizilaben egin duten ibilbideaz galdetu die Arakistainek, besteak beste. (ikus solasaldia BIDEOAN)
Niala mago elgoibartarrak eman dio amaiera ekitaldiari, emakume zientzialarietan oinarritutako magia saioa eginez.