Danobatek “merkatuko robotik zehatzena” sortu du

Barren 2025ko ots. 18a, 15:00

Robotika industrialaren sektorean sartu dela iragarri du Danobatek, DMTR gama aurkeztuta. Bide berria fabrikazioa "irauliko" duen diseinu disruptibo bat sortuz urratu dutela azaldu du makina-erremintaren fabrikatzaileak.

Danobatek azpimarratu du industrian mugarri den garapena dela. Zehaztu dutenez, DMTR gama barruko doitasunezko robot berri horiek zehaztasun eta eraginkortasun estandarrak birdefinitzen dituzte, robot baten malgutasuna eta makina-erreminta baten egonkortasuna eta doitasuna uztartzen dituen soluzio aitzindaria eskainiz. 

DMTR gamak eragiketa kritikoenetan, hala nola, zulatzean, errematxatzen eta hariztatzean prestazio hirukoitza eskaintzen duela diote, errepikagarritasunari eta zehaztasunari dagokionez. Zehaztasun handiagoa omen du, eta, gainera, zenbakizko kontrola (CNC) erabiltzen du. Azken horrek gama hori enpresetan integratzea erraztuko du, teknologia horrekin lan egin ohi dutenentzat errazagoa izango baita.

Danobatek diseinatutako DMTR gamako robotak. Arg: Danobat

Danobatek robotentzako dinamika eta kontrol sistema espezifikoak garatu ditu Ideko zentro teknologikoarekin lankidetzan, eta gaitasun teknologiko berriak ezarri dituzte, artearen egoeratik haratago. Xabier Alzaga Danobateko zuzendari exekutiboaren berbetan DMTR gamak makina-erreminta baten doitasuna eta egonkortasuna konbinatzen ditu sei ardatzeko robot baten arintasunarekin eta malgutasunarekin, eta bere ustetan, DMTR gamak ekoizpen modu berriak irekitzen ditu sektore giltzarrietarako, hala nola, aeronautikarako, automobilgintzarako eta energiarako. 

Xabier Alzaga Danobateko zuzendari exekutiboa.

Errendimendu handiagorako diseinua

DMTRek errendimendu handiagoa eskaintzeko "diseinu sendoa" dutela ere nabarmendu du. Horri esker, bibrazioak gaur egungo robotek baino hamar aldiz gehiago murrizten dituzte, eta, ondorioz, eragiketak egiteko denbora %20 laburtzen dute.

Hainbat modelo garatu dituzte. Bertsio trinkoak, 70 kg-rainoko karga erabilgarria maneia dezake eta 2,2 metroko irismena du, eta modelorik sendoenak 3,6 metroko irismena du eta 520 kg-rainoko kargak maneiatzeko gai da. Aldakortasun horri esker, merkatuko eskaera zorrotzenak bete ditzaketela azaldu dute, "aplikazio bakoitzean zehaztasuna eta errendimendua ziurtatuz".

Teknologia hau garatzeko Eusko Jaurlaritzaren Hazitek programak finantzatutako I+G proiektu bat erabili dute. Robot berritzaileok Parisen aurkeztuko dituzte jendaurrean, JEC World nazioarteko azokan, martxoaren 4tik 6ra bitartean.